Lasarte-Oriako Gure Esku Dago ekimenak, sari ezberdinak eskuratzeko errifa batzuk jarri zituen salgai. Horiek erosi dituzten herritarrak, sari ezberdinen zozketan parte hartu dute, eta Gure Esku Dagok eman ditu ezagutzera zozketako zenbaki sarituak.
Horien artean, 4.657 zenbakiaren jabeak, jaso du lehenengo saria; Sevillarako bidaia. Bi lagunentzako, bost eguneko egonaldia izango da eta bidaia hori, Noaoa bidai-agentziaren eskutik antolatuko da.
Bigarren saria berriz, bi zenbaki ezberdinek eskuratu dute; 3.639 zenbakiak batetik eta 3.348ak bestetik. Horiek biek, bakoitzak bi pertsonentzako globo aeroestatiko batean bidaiatzeko saria lortu dute, Soka etxeari esker. Saritutako bi zenbaki horien jabeek, datorren larunbatean, azaroaren 26an izango dute globoan, herriko zerutik bidaia egiteko aukera. Gure Esku Dago ekimenak jakitera eman duenez, egun horretan eguraldi txarra izango balitz, egun bat atzeratuko litzateke globo-bidaia hori, hau da, azaroaren 27an, igandean egingo litzateke.
Horrez gain, datorren larunbatean, 2017. urtean egin asmoz duten herri galdeketa egiteko eguna noiz izango den ere aurkeztuko dute jendaurrean, ekimeneko sustatzaileek. Ekitaldi hau, herriko Okendo plazan izango da eta ekintza ezberdinak egingo dira egun horretan. Zozketarako egindako errifen dirua, datorren urtean, Lasarte-Orian egingo den galdeketa horretarako erabiliko dutela jakinarazi dute.