Hondartzan ibili dira herriko txikiak Tomax eta Muxugorrirekin

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 19a, 19:30

Kanpoan eguraldi hotza izan bada ere, eguzkia izan da Manuel Lekuuona Kultur Etxeko aretoan. Gaztetxoak, 'Tomaxen abenturak' antzezlana izan dute ikusgai eta hondartzan ibili dira, plisti-plasta

Hondartzako tramankuluak eskuan hartuta agertu dira Tomax eta Muxugorri Manuel Lekuona Kultur Etxeko aretoan. Hondartzara joan dira eta berarekin eraman dituzte kultur etxeko aretoan bildutako herriko txikiak. Eguraldi eguzkitsua aprobetxatuz, izozki bat jan eta dantzan jarri dute aretoa, berehala. Eva Mirentxu-ren kanta abestu eta dantzatu dute, eta ez edonola gainera; koreografia eta guzti aritu dira aktore eta gazteak elkarrekin datzan. 

Uretan ibili dira ondoren. Igeriketa sinkronizatu erakustaldia egin diete lehenik Tomax eta Muxugorrik ikusle txikiei eta horrekin batera, arrantza jokoan ere aritu dira haurrekin. Honen ostean, txanperoa hartu eta olatuak hartzen aritu dira. Baina olatuekin jolasean ari zirela, eraztuna itsas-azpira erori zaio Tomaxi eta urpean igeri egiteko arropa jantzita, itsas-azpira joan dira eraztuna aurkitzeko asmoz. Eraztuna topatu du Tomaxek, baina Doroteo olagarroarekin ere egin du topo eta triste zegoela konturatu da Tomax; olagarroak, jendeak uretara botatzen dituen plastiko poltsa bat zuen garroetan itsatsita eta Tomaxek, plastiko zati hori kentzen lagundu dio. Itsas azpian ordea, ez da Doroteo olagarroa bakarrik bizi. Berarekin batera, marrazoak, itsas-karakolak, Benanatzio ezpata-arraina eta Anttoni antxoa ere bizi dira eta guztiak haserre-haserre agertu dira, izan ere, beraien bizileku den itsasoa, plastikoz eta zikinkeriaz betetzen ari baita gizakia.

Itsasoko bizitza gertuagotik ezagutu ahal izan dute Lasarte-Oriako haurrek umorezko antzezlan honekin.