Nork esan behar zuen... Aiora neska fin eta pinpirina baserrian eta Pablo baserritarra aldiz, operan! Horrelaxe gertatu zen bada atzo gauean Manuel Lekuona Kultur Etxean. Katarina Mazetti idazle eta kazetariaren 'El tipo de la tumba de al lado' liburuan oinarritutako antzerki obra bikaina ikusi ahal izan zuten bertaratutakoek.
Hilerri batean hasi zen Aiora eta Pabloren istorioa. Errepideko istripu baten ondorioz, alargun geratu zen Aiora eta orduaz geroztik, egunero-egunero, tartea duen guztietan, bere senarraren hilobira joaten da berarekin egotera.
Ondoko hilobian zegoen Pablo. Amarekin bizi zen baserrian, baina gaixotasuna medio, ama hil egin zitzaion. Pablok ere, egunero egiten zion bisita amari eta bisita bakoitzeko, lore koloretsu bat jartzen zuen amaren hilobi gainean.
Bertan egin zuten topo Aiora eta Pablok, hilerrian. Baina ez zuten hasieran 'feeling' onik izan. Aiorak gorroto zuen Pablok amaren hilobia lore koloredunez beteta edukitzea. Gorroto zuen Pablok esku batean behatz bat gutxiago izatea eta gorroto zuen, baita ere, Pablori zerion baserriko usaina. Pablori ere, ez zitzaion batere gustatu Aiora hasieran. Neska pinpirinaren azal kolore zuriak eman zion atentzioa baserritarrari.
Baina bat-batean, biak ohartu ziren ezin zutela elkar burutik kendu. Aiorak, baserritarrarekin egiten zuen amets eta Pablok aldiz, hilerriko neska finaren irudia zuen etengabe buruan. Orduan hasi zen bien arteko maitasun istorioa, orduan piztu zen elkarrekin egoteko nahia, baina bien arteko ezberdintasunek, izateko modu ezberdinek ezbaian jarri zuten zenbaitetan maitasun istorio hori obran zehar.
Hori guztia bildu zuen ordu eta hogei iraun zuen umore-antzezlanak eta sekulako barre eta giro atsegina sumatu ahal izan zen kultur etxeko aretoan, bai eta antzezle eta publikoaren artean ere.