Aurreko saioen antzera, atzo arratsaldean egin zuten Ahobizien txanda aldaketa. Ekitaldiaren hasieran, ohi bezala, Ahobiziak Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko gelatan banatu ziren, txandatan banatuta. Talde bakoitzak dinamika bat egin eta ikastetxeko ginmasioan elkartu ziren guztiak gero. Bertan, Rebeka Garzes eta Mikel Izquierdok zortzikoteko bi lagunek gidatutako saioan, bi txandatako herritarren esperientziak entzun ahal izan ziren. Ondoren, familia argazkia atera eta David Egizabal dantzariaren eta Josu Izagirren txistulariaren laguntzaz, Txulalai erraldoia dantzatu zuten bertan bildutako Ahobiziek . Ekitaldia amaitutakoan, ohi moduan, Jalgira gerturatu ziren bi txandetako Ahobiziak
Miren eta Manoli Zumeta, Laugarren txandako Ahobiziak
Zer moduzko esperientzia izan da Ahobizi izatea?
Oso esperientzia ona izan da. Uste baino hobeto joan da astea.
Euskaraz hitz egin dugu, baita erdaldunekin ere. Haiek ulertu eta buruarekin erantzuten ziguten bai edo ez esanaz.
Uste baino jende gehiagok daki euskaraz, baina ez da ausartzen hitz egitera. Harritu egin gara zentzu horretan eta pozik gaude.
Manoli: Nik uste nuen euskaraz ez zekitela ezer, baina hasi dira. Hau ibiltzen hasten zarenean bezala da, oinez hasi eta berotzen zoazen hobeto joaten zarela.
Miren: Oso gustura sentitu naiz euskaraz hitz egiten.
Lagunekin ere euskaraz egin dugu eta nahiko ondo moldatu gara.
Josu Izagirre, Bosgarren txandako Ahobizia
Kanpokoa izanik, nolatan 40 eguneko erronkan parte hartzen?
Errenterian bizi naiz, baina urte pila dira, Lasarte-Oriako Udal Musika eskolan lanean ari naizela. Erronkaren berri izan nuen eta izena ematera animatu nintzen. Euskararen aldeko ekintzetan parte hartzea gustatzen zait.
Erronka aurrera eramateko arazorik izango al duzu?
Ez dut uste arazorik izango dudanik. Orokorrean euskaraz egiten dut. Euskaraz hitz egiten ez diedan pertsonak ere baditut noski eta aste honetan, haiekin behintzat ohitura aldatzen saiatuko naiz. Pertsona konkretuak izango dira, hala nola, lankide batzuek. Hala ere, aste honen barruan, ezustekoak izango ditudala uste dut.