Buenetxea, Viña del Mar, Yolanda, Izurde, Arkupe eta Lasarte tabernak, Lavie gastroteka eta Goiegi jatetxea. Horiek izango dira IV. Pintxo Ibilbidea burutzen duten herritarrek egin ahalko dituzten geldialdiak. Azaroaren 25ean, 26an eta 27an (asteburu honetan zehar, alegia) pintxo goxo eta tentuz prestatuak dastatu ahalko dituzte lasarteoriatarrek aipatu tabernetan, bi euroren truke. Antolatzaileek zehaztu dutenez, edaria ez da prezio horren barnean sartzen.
Pintxo ibilbidearen ordutegiak honakoak dira: 25ean (ostirala), 19:00etatik 21:00etara; 26an (larunbata), eguerdian zehar eta 19:00etatik 21:00etara; eta 27an (igandea), eguerdian zehar. Taberna edo jatetxe horietako pintxo desberdinak dastatzen joan ahala, bezeroei zigilua jarriko zaie esku-orri batean. Ibilbide osoa burutzen dutenek zozketa batean hartuko dute parte. Irabazleak Logroñon asteburu-pasa bat lortuko du, upeltegi batera bisita barne.
Pintxo "landuak"
Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek ostiraleko aurkezpenean nabarmendu zuenez, "oso landuak" dira aurtengo edizioko pintxoak. Taberna eta jatetxe bakoitzak bana eskainiko du asteburuan zehar.
Buenetxea tabernan txerri azpizuna dastatu ahalko dute herritarrek, mahats saltsaz barrubetea eta tallarinekin; Viña del Marren, berriz, presa iberikoa, onddo eta Pedro Ximenez saltsarekin; Yolandan, 'Jaizkibel' bakailaoa; Izurden, izokin tartaleta ajoarriero erara, marisko mousse-arekin; Goiegi jatetxean, odolkia, aza eta pikiloekin; Arkupen, isatsa ardo gorri erara, patata eta perretxiko kremaz hornitua; Lasarten, risotto gutizia parmesano gaztaz egindako ohe gainean eta urdaiazpiko lauzekin; eta Lavien, azkenik, onddo-txapela bere emultsioarekin, foie txirbilekin, eta ikatz-ale glasse marroiarekin.
Ormazabalek gonbita luzatu zien herritarrei aipatu ibilbidean parte hartu eta taberna eta jatetxeek prestatutako pintxoak dastatzeko.