Genero indarkeriaren aurkako astea

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 18a

Azaroaren 25ean, Genero indarkeriaren aurkako eguna da. Honen harira Lasarte-Oriako Udalak, Emakumeen Zentro eta beste eragilerekin batera hainbat ekintza antolatu ditu. Aurten sentsibilizazioan jarri dute indarra.

Genero indarkeriaren aurkako astea aurkeztu dute Udal ordezkari eta teknikoek gaur Emakumeen Zentro Zibikoan.

Jesus Zaballos alkateak nabarmendu duenez, “genero indarkeria gizarteak orokorrean pairatzen duen gaitza da. Eraildako emakumeen kopurua handitzen doa eta neurriak ez dira nahikoak”.

Sentsibilizazioa

Aurten sentsibilizazio eta kontzientziazioan jarri nahi du indarra Udalak. “Aurreko urteetan ekintza konkretuak egin, baina sentsibilizazioa eta kontzientziazioa landu nahi izan da aurten, bai emakume, baita gizonena ere. Horregatik ekintza parte hartzaileak egitea erabaki da,” aipatu zuen alkateak.

Era honetara, esate baterako, elkarretaratzean ekintza sinboliko modura, urtean zehar eraildako emakume bakoitzeko zapata pare gorri bat jarriko da.

Honetaz gain, ekintza soiletan ez geratzeko, urte osoan zehar “herritarrek gaia presente izan dezaten” beste ekimen batzuk egingo dira.

Agerraldian azaldu legez, azaroaren 2tik 15era, Lasarte-Oriako denda eta elkarte ezberdinetan 'Berdintasuna benetakoa, ez bakarrik eskubidea' lelodun pegatina banatu da.

Honetaz gain, bularreko minbiziaren aurkako egunean egin legez, Ganbo kaleko banku bat margotuko da morez.

Azkenik, 'Indarkeria STOP' leloa duten motxila moreak banatuko dira ekintzetan parte hartzen duten pertsonen artean, baita egitaraua edo ekintzak antolatzen lagundu dutenei ere.

Ekintzak

Gauzak honela, genero indarkeriaren aurkako asteko egitarau zabala aurkeztu dute. Honetan “adin guztietara iritsi nahi izan da”.

Astelehenean, Atsobakar Zaharren egoitzan. Emakumeen Zentroko kideek ipuin-kontalari saioa egingo dute bertako egoiliar eta familiei zuzendua.

Asteartean, berriz, Manuel Lekuona kultur etxean 19:00etatik aurrera, 'Él nunca me pegó' dokumentala eta Irantzu Varelaren hitzaldia izango dira.

Beldur Barik

Asteazkenean, Lasarte-Oriako Beldur Barik lehiaketako sari banaketa egingo da Manuel Lekuona hitzaldi aretoan.

Gazteek emakumeen aurkako indarkeria gaitzetsi eta hauen artean, harreman libre, errespetuzkoa, parekide, dibertso eta ez sexistak sustatzeko asmoa du lehiaketak.

Bi mailatan banatuta, sei taldek osatutako ikus-entzunezko lanak aurkeztu dituzte. Hauek beldurbarik.org/eu/2016-lanak/ gunean ikusi daitezke.

Agerraldian, Udal ordezkariek urtero lan kopurua handitzen doala azpimarratu dute.

Lasarte-Orian kulturaren, hezkuntzaren eta berdintasun politiken alde aritzen diren pertsonek hauek epaitu eta asteazkenean jakingo da zeintzuk diren sarituak.

Ostegunean, haur liburutegian, Kontu Kantoiko kideek 6 eta 8 urte arteko lagunei gaian oinarritutako ipuinak eskainiko dizkiete.

Azaroak 25

Azaroaren 25ean, genero indarkeriaren egunean 11:00etan, Ibilaldi osasuntsua egingo da genero indarkeriaren aurka. 12:00etan, elkarretaratzea izango da, Okendo plazan eta 12:30ean, banku bat margotuko da.

Baina ez dira ekintzak hor amaituko, azaroaren 29an, Iratxe Alvarezek 'Festak gureak dira' hitzaldia eskainiko du.

Eta amaitzeko, abenduaren 2an, Emakumeen Zentroko Makelur antzerki taldeak, 'Eterna juventud' antzezlana eskainiko du.

Lanketa

Hau guztiaz gain, egitaraua osatu eta aurrera eramateko herriko talde ezberdinekin lan egin dutela nabarmendu dute.

Esate baterako, Gaztelekuko gazteekin genero indarkeriaren lana landu dute, "hauek elkarretaratzean jarriko diren zapatak gorriz margotu dituzte" eta 'Lasarte Morea' ekimeneko proposamenak ere jaso dituzte.