Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarte Atzegik sentsibilizazio-kanpaina jarri du abian. Urriaren 28an aurkeztu zuten Buruntzaldeako Atzegiko kideek ekimena Hernaniko Plaza Berrin.
Aurten ‘Kaleatzegizale. Jarrera kontua besterik ez da!’ izango da leloa. Helburua Atzegizale gehiago lortzea da. Hauek keinu sinple batekin eta jarrera positiboarekin, kolektibo honen eguneroko bizitza errazten baitute.
Agerraldian azaldu zutenez, horrelako kanpainen ondorioz, “gero eta jarrera positibo gehiago ikusten dira gizartean” .
Era berean, dagoeneko Atzegizale direnei eskerrak eman zizkieten. Adimen urritasuna duten pertsonen familiek txapak eta 'Atzegi zale naiz' dioten txartelak banatu zituzten bertaratu ziren Atzegizaleen artean eta bereziki, irudi hori pertsonifikatu zuten bi hernaniarrek, Kera arropa-dendako Mentxuk eta Juan Baustista ile-apaintzaileak.
Jakitera eman zutenez, gaur egun, Donostialdean, 147 familia dira Atzegiko bazkide, 103 kolaboratzaile ditu elkarteak, eta 453 petsona dira Atzegizale.
Argazkiak
Kanpaina urte osoan zehar bizirik mantendu eta poliki poliki Gipuzkoako kale guztietan Atzegiko kideen bizitza hobetzen duten pertsona horiek ezagutzera emateko asmoarekin #KaleAtzegizale-en argazkiak jaso nahi ditu elkarteak twitter, facebook edo WhatsApp bidez.
#KaleAtzegizale markoak Gipuzkoan barrena ibiliko dira biran. Argazkia atera eta sare sozialetara igo dezakezu, @atzegi #KaleAtzegizale hitzak gehituta. Sare sozialetan iaioa ez denak, 609 70 37 09 WhatsApp zenbakira ere bidali dezake argazkia.
Www.atzegi.org/kaleatzegizale orrialdean jasotako argazki guztiak izango dira ikusgai. Bertan ere, argazkiak nola egin eta nora bidali azaltzen du elkarteak.