Txaparen mintzoa

Gorka Lasa 2016ko aza. 18a, 10:00

Hainbat aste pasa dira euskararen aldeko maratoia ospatu zela. 4 urtetik behin egiten den festa honek, 40 orduz lortzen duen arrakasta izugarria da; eta aurten are gehiago berarekin bat ekarri duen berrikuntzarekin; Baietz 40 egun euskaraz!

Maratoiarekin hasi eta abenduaren 3ra  arte luzatuko den erronka da, non herritarrok hizkuntzei buruzko aurreiritziak alde batera uzteko ahaleginak egingo ditugun, eta ohitura linguistiko batzuk aldatuz euskararen erabilera, erraztu, sustatu eta bultzatuko ditugun. Horretarako ehundaka Belarriprest eta Ahobizi ikus daitezke herriko kale, plaza, komertzio, ostatu eta txokoetan paparrean txapa jantzita. Erronkaren helburuari bultzada emateko hartutako konpromezuaren adierazgarri, eta elkarren arteko hizkuntza konplizitatea sortzeko.

40 orduz oholtza gainean euskaraz, 40 egun euskaraz eta badira 40 urte Xalbador bertsolaria zendu zela. Xalbadorren garaian herriak eta hizkuntzak bat egiten zuten, herria zen gorputza eta hizkuntza bihotza, eta orain, askotan, badirudi ez dakigula zein den hizkuntza. Baina hizkuntzak egiten gaitu, eta guk egiten dugu hizkuntza. Xalbadorrek “Odolaren mintzoa” bertso liburua idatzi zuen. Mintzo daitezela orain gure paparreko txapak, min-tzo gure mihiak. Herria eta hizkuntza bat daitezela eta hainbeste maite dugun hori, zaindu beharrean, erabili, garatu eta indartu dezagun.