#Alternaktiba azoka

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 17a

Azaroaren 26an, goizeko 11:00etatik 14:00etara Ekonomia Sozial eta Eraldatzailearen azoka izango da Hernanin, #Alternaktiba. Tartean izango dira herritarrak ere.

Plaza Berrian edo Atsegindegin egingo den azokan, ekonomia beste era batera ulertzen duten ekintzaile, kooperatiba eta enpresak egongo dira: Ahmer, Alai-Ondo diseinatzaileak, Arremanitz, Banaiz Bagara, Batura, Bizi-on, Euskal Herria Share, FIARE, GEZKI (EHU), Goiener, Kalaka komunikazio parekidea, Koop57, Labore kontsumo kooperatiba, Lanki (MU), Latxe baratza-elkartea, Mar Mar kulturgunea, Mirokutana, Olatukoop, Otsaihen garagardoa, Plisti-Plasta, REAS, TaPuntu, Uztarri eta Ximaur pila, besteak beste.

Hauetako batzuek ekintzaileentzat bideratutako Kooperatzen programan garatu zuten beren ideia. Datorren urtera begira, eskualde mailako ekintzailetza programa burutuko dela-eta, azokan bertan programaren inguruan informatzeko aukera egongo da.

Horretaz gain, proiektu hauek gertuagotik ezagutzeko mikrofono aurrean aurkeztuko dituzte eta gero, beren postuetan azalpen edo zalantzak argitzeko tartea izango dute bertaratutakoek.

Pintxoak eta bertako garagardo dastaketa ere egongo da. Giro politean, ekonomia alternatibak aurkeztuz, elkarren sinergiak bultzatzeko eta ezagutzeko aukera izango da. Hau dela eta, buruan euren enpresa sortzeko ideia duten herritarrak gerturatzera animatzen dituzte.