MEGABA elkartea arduratzen da duela sei urtetik kabalgata antolatzeaz eta azken urteetan boluntario kopurua asko jaitsi da. “Momentu honetan elkartea osatzen dugunak gutxi gara eta urtero 100 bat lagun inguru mugitzen ditugu kabalgata osatzeko. Urtero-urtero berrikuntzak sustatu nahian egiten dugu lan, baina elkartearen errealitateak ez digu laguntzen eta gero eta gutxiago gara ekitaldi garrantzitsu hau sustatzeko mugitzen garenok”.
MEGABAko kideek ez dute argi ikusten kabalgataren etorkizuna, “beldur gara Lasarte-Oriako kabalgata ez ote den bertan behera geldituko, eta antolatzaileak boluntarioak izan beharrean profesionalen bila ez ote garen ibili beharko, edota okerrago dena, ez ote dugun galduko kabalgata”.
Azaldu dutenez, aurreko urtetako ilusio berarekin ari dira lan egiten kolaboratzaileak bilatzeko baina “ezinbestean etorkizunean pentsatu beharra dugu bizigarri berria behar dugu”.
Horregatik elkartetik herritarrei deia egiten zaie parte hartzeko “2017rako ahalik eta hoberen ari gara lanean baina MEGABArekin lan egin nahi duten pertsonei eskatzen diegu gurekin harremanetan jartzeko posta elektronikoaren bitartez, info@megaba.es edo gure telefonora deituta 649 513 102, eta atseginez emango diegu behar duten informazioa eta hurrengo bilera egunaren data ere”.