BKT ligan jokatutako zazpi jardunaldietan lehenengo hamarren artean sailkatu da beti Beñat Los Arcos herritarra. Erregulartasun horrek sailkapen orokorreko lider izateraino eraman du; azkeneko proban, Zamudiokoan, horren erakusgarri den kamiseta gorria soinean egin zuen lasterka. Ez zen batere gaizki aritu: zazpigarren postuan helmugaratu zen, 10 kilometro inguruko ibilbidea 55:48ko denboran eginez.
"Oso pozik" dago herritarra Zamudion egindakoarekin: "Beste behin ere lehenengo hamar sailkatuen artean sartzea lortu dut". Lasterketaren kronikatxoa ere egin digu: "Oso azkar abiatu ginen asfaltoko zatian, eta bikiak gehiegi kargatu zitzaizkidan. Horregatik, mendian aldapan gora hasi ginenean, 'nire terrenoan', zailtasunekin baina eutsi nion 8-9. postu horri; bidean lokatz eta putzu dezente zeuden arren, jaisten gozatu egin nuen. Amaiera aldera laugarren postuagatik borrokatzen ari zen taldetxora hurbildu nintzen, baina ezin izan nuen iritsi. Oso-oso pozik nago zazpigarren postu horrekin, berriro ere aurreko postuetatik gertu ibili naizela ikustearekin".
Sailkapen orokorreko lidertza, ordea, ezin izango du mantendu. BKT liga zortzi probak osatzen badute ere, lasterkari bakoitzari ez zaizkio kontatzen bi emaitza okerrenak. Hori aintzat hartuta, badaude Beñatek baino emaitza hobeak erdietsi dituzten lasterkariak. Halere, momentuz bosgarren postuan dago herritarra, 2.970 punturekin.
Abenduaren 18an jokatuko du azkeneko lasterketa, Diman (Bizkaia).