Uzta oparoa Ordizian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 18a

Buruntzaldea IKT taldeko igerilariek uzta oparoa ekarri zuten bueltan Ordiziako igerilekutik. Kategoria desberdinetako kideek emaitza onak erdietsi zituzten Neguko Ligako 2. jardunaldian. Datozen asteetan are hobeak lortzeko lanean segitzen dute igerilariek.

Hogei marka pertsonaletik gora, taldeko hiru errekor berri eta errelebuetako taldeko marka berri bat. Horra hor Buruntzaldea IKT taldeko igerilariek iragan larunbatean Ordiziako Majori kiroldegian lortutako uzta. Neguko Ligako 2. jardunaldia jokatu zuten bertan, eta bistan denez, ederki aritu ziren.

Infantil, junior eta senior kategoriatako 21 igerilari aritu ziren Ordizian. Borja Apeztegia prestatzailearen hitzetan, “ondorio positibo ugari” atera ditu taldeak: “Prestakuntza prozesuaren baitako lehiaketa da Neguko Liga; orain arteko lana barneratzea eta egindako bidea baloratzea izan dira helburuak; gainontzean, gure igerilariak gogotsu lehiatu eta marka onak lortu zituzten joan den larunbatean”. 

Infantilek 200 libre eta 400 estiloak probak burutu zituzten. Bi horietan hainbat igerilarik hobetu zituzten euren marka pertsonalak, eta beste zenbait gertu geratu ziren. Aipagarria da Leire Martinek 13 urte tartekoen errekorra ondu zuela 200 librean, erlojua 2:18.29an geratuz.

Bakarkako probez gain, infantilek 4x100 errelebuak burutu zituzten. Nesken taldeak taldeko marka berria eskuratu zuen, 4:28.75eko denbora eginda.

Junior eta seniorrak

Junior mailako igerilariek distantzia eta mota desberdinetako probak egin zituzten baita ere: 50 tximeleta eta libre, 100 bizkar eta 200 tximeleta. Nahia Jie Villamedianak 15 urte artekoen errekor berria ezarri zuen 50 tximeleta proban, 32.12ko denboran geratuz kronometroa. 

Senior mailan ere marka berriak ezartzea lortu zuten, euren prestakuntza erritmoa “desberdina” bada ere, Apeztegiak zehaztu legez: “Euren marketatik gertu ibili ziren”. Hala ere, Iñigo Ibarburuk taldeko errekor berria eta marka pertsonala ondu zituen 200 bular proban (2:37.31). 

Gipuzkoako Kluben Kopa

Azaroaren 26 eta 27ko asteburuan Gipuzkoako Kluben Kopan lehiatuko dira Buruntzaldea IKTko igerilariak. Ordiziako Majori kiroldegian jokatuko da txapelketa.

Bestalde, hilaren 26an Donostiako Paco Yoldi kiroldegian egingo diren teknifikazio saioetara deituak izan dira Nora Imaz, Joane Arzalluz eta Unai G. Somovilla.