Jardunaldi ezin hobea jubenilen bi taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 15a, 18:00

Ostadar SKTko areto-futbol alorrak jubenil mailan dituen bi taldeek, Kafe Bar Buenetxeak eta Lasarte Kafe Barrek irabazi egin zuten asteburuan. Denboraldiko lehen garaipenak izan dira bientzat.

Abuztuan entrenatzen hasi zirenetik egindako lanak joan den asteburuan eman zituen fruituak. Ostadar SKTren jubenil mailako bi taldeek garaipen bikainak erdietsi zituzten: Kafe Bar Buenetxeak 6-0 hartu zuen mendean Aloña Mendi, eta Lasarte Kafe Barrek 2-4 garaitu zuen Inter. Lau jardunaldi jokatuta, lau eta hiru puntu dituzte euren multzoetako sailkapenetan, hurrenez hurren.

Gipuzkoako 1go mailan ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek, aldiz, bolada txarrean murgilduta jarraitzen du. Jaixki AFTrekin neurtu zituen indarrak Edu Menaren taldeak, eta 3-1 galdu zuen. Urdin-beltzak aurreratu ziren markagailuan, 10. minutuan, Oscarren eta Robertek egindako jokaldi bati esker (Robertek sartu zuen gola). Dena den, aldeari ezin izan zioten eutsi eta etxeko taldeak buelta eman zion markagailuari. Jardunaldi batzuk daramatza taldeak irabazi gabe, baina halere jaitsiera postuak bost puntura dauzka oraindik. Ostadarrek zortzi puntu ditu.

ISU Leihoakek beste puntu bat poltsikoratu zuen Inter Eder Kafetegiaren aurka hiruna berdinduta. Eneko Molinarenek galdu gabe jarraitzen dute, eta dagoeneko hamasei puntu pilatu dituzte zortzi jardunalditan. Gipuzkoako 1go mailako hirugarren postuan dago taldea.

3. Mailako Ostadar Antonio Aroztegiak ez zuen norgehiagokarik jokatu, atseden hartzea egokitu zitzaion eta.

Herriko areto-futbol txapelketa

Zortzigarren jardunaldia jokatu zuten herriko areto-futbol txapelketan parte hartzen ari diren talde gehienek. Ibaros Latinok atseden hartu zuen, eta atzeratu egin zen Aita Amari eta Kattagorri Insaustiren arteko neurketa.

Gainontzean, hauek izan ziren emaitzak: Txoko 2-5 Reformas Lagunak; Also 6-1 Izkiña; Indaux 4-4 Urdaneta HK; Kebab 2-4 Trumoi; eta Viña del Mar 2-3 Ilargi. Kattagorri Insaustik jarraitzen du lidertzan, 17 punturekin. Trumoi dago bigarren 16rekin, eta Aita Amari hirugarren 15ekin. Goleatzaile nagusia Javier Arsuaga (Trumoi) da, 11 gol sartuta.