‘Baietz erraustegia gelditu! Denon konpromisoari esker’ lemapean, Aire Garbiak elkarretaratzea antolatu du azaroaren 19an, 13:00etan, Okendo plazan.
Ekitaldia ikusgarriagoa egiteko, plataformak herritarrak animatzen ditu maindire zuri bana eraman dezaten, "baina garbi gera bedi, inor ez dadila parte hartu gabe geratu eskura maindirerik ez duelako".
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondakin Kontsortzioak laster Zubietako erraustegiari buruzko erabaki garrantzitsuak hartzeko asmoa dute. Hau dela eta, plataformak ekintza hau antolatu du. Ekimenak “bi helburu ditu: bata, Zubietako erraustegi-proiektuari lasarteoriatarrok aspaldi eman genion ezezkoa berrestea; bestea, berriz, GuraSOSek azaroaren 26an Donostian antolatu duen manifestazio handian parte hartzeko dei egitea. Manifestazioa 17:00etan abiatuko da Amarako parketik, ‘Gipuzkoa + Eman bide osasunari eta adostasunari’ izenpean".
"Erraustegiaren kontra egin diren mobilizazioetan, lasarteoriatarrok oso parte-hartze nabarmena izan dugu orain arte. Egia esan, logikoa ere bada, azken batean, Zubietako proiektuak aurrera egiten badu, gu izango gara kaltetuenak. Gauzak horrela, ez dugu duda egiten 26ko manifestazioan ere maila emango dugula, baina maila emateko bidean, jendea aktibatzeko, 19ko kontzentrazioan parte hartzea garrantzitsua da", adierazi dute.