Etxeko produktuak baserritik plazara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 12a

Laugarren urtez baserrietako produktuen azoka izan da gaur goizean, Okendo plazan. Askotariko produktuak izan dira bertan, herritarren eskura.

Eguraldiak mehatxu egin badu ere, euri tantarik ez da izan gaur goizean, herrian egin den IV. Baserri Azokan. Goizeko hamarretan ireki ditu ateak Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi Elkarteak antolaturiko azokak. Bertan, dozena bat ekoizleren produktuak ikusi, dastatu eta erosi ahal izan dira gaur, herriko Okendo plazan. Horien guztien artean, herriko bi postu izan dira produktuak saltzen; bata Oztarango Telleri baserriko kideak. Hauek, etxeko barazkiak ekarri dituzte Okendora; piperrak, patata, porruak, kalabaza eta beste zenbait barazki erosi ahal izan dira herriko plazan jarri duten postuan. Lasarte-Oriako ekoizleen bigarren postuak, hazi ekologikoen izan ditu salgai. Horiez gain, gozogintzako produktuak, ardi eta ahuntz gaztak, baserriko-ogia, ahate produktuak eta olio naturalak izan dira salgai, besteak beste. Berrikuntza bat ere izan da aurtengo IV. Baserriko Azokan. Behi haragi produktuak erosteko aukera izan dute bezeroek lehenengoz, aurtengo azokan.

Baserriko produktuak sustatu eta herritarrei ekoizleen lana ezagutaraztearekin batera, herriaren dinamizazio sozioekonomikoa du helburu azokak.

Haurrentzako txokoa

Guraso zein aitona-amonek erosketak egiten zituzten bitartean, etxeko txikienek, udaletxe azpiko arkupeetan jolas ezberdinak izan dituzte; arrantzan eta bola jokoan aritu dira gaztetxoak, gustura, azokak iraun bitartean.

Giroa

Goizeko lehen orduetan jende ugari ibili ez bada ere, eguraldia lagun, eguerdi alderako herritar ugari ibili da azokan zehar. Gainera, Udal Musika Eskolako trikitilari gazteak arduratu dira azoka girotu eta alaitzeaz.