Ostiralero moduan, atzo arratsaldean egin zen aste honetako Ahobizien txanda aldaketa. Saioaren hasieran, ohi bezala, Ahobiziak Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko gelatan elkartu ziren, txandatan banatuta. Talde bakoitzak dinamika bat egin eta ikastetxeko ginmasioan bildu ziren guztiak gero. Bertan, Agustin Mujikak eta Mikel Izquierdok gidatutako saioan, zenbait herritarren esperientziak entzun ahal izan ziren. Ondoren, familia argazkia atera eta Xumelako kideen lagunduta, 'Epo ita ita ye' abesti ezaguna dantzatu eta abestu zuten bertan bildutako herritarrek. Ekitaldia amaitutakoa, astero legez, Jalgira gerturatu ziren bi txandetako Ahobiziak kalejiran.
Joxe Sarobe, hirugarren txandako Ahobizia
Nolako esperientzia izan da Ahobizi izatea?
Esperientzia polita izan da. Bere gauza eta sorpresatxo positiboekin, orokorki esperientzia polita. Jarritako helburuak ere, portzentai altu baten, nik uste lortu ditudala eta zentzu horretan, banatutako txapek beren eragina izan dutela nabarmena iruditu zait. Elkarrizketatan beste aldea dagoenak ulertu nahi zaituenean edo hitz egin nahi duenean txaparren presentziak puntu bat gehiago eman arazten dio jendeari.
Elma Pérez, laugarren txandako Ahobizia
Zer lortu nahi duzu esperientzia hau biziaz?
Euskaraz gehiago hitz egitea, baita euskaraz hitz egitera gehiagotan ausartzea ere.
Ni bizi izan naizen giroan erdara izan da nagusi. Gurasoek ez dakite euskara eta gure joera gaztelaniaz egitea da noski. Hori zerbait aldatu nahiko nuke.
Gainera, nire seme-alabekin ere euskaraz egin nahi dut eta beraiek ere euskaraz hitz egiteko joera hori izan dezaten sustatu.
Aste hauetan, Belarriprest bezala, ezezagun gutxi hurbildu zaizkit euskaraz egitera. Ohikoena txapa ikusi eta agur soil bat esatea izanda.
Hala ere, lagunekin saiatu naiz euskaraz gehiago egiten eta aste honetan ere horrela jarraituko dut.