Txalaparta doinuek eman zioten hasiera ekitaldi xumeari. Larriki gaixo dagoen Ibon Fernandez Iradi presoaren askatasuna aldarrikatu asmoz, elkartasun jaialdia antolatu zuten atzo, herriko plazan,. Gaur egun preso gaixoek kartzelatan bizi duten egoera azaleratu zuten bertan bildutakoek. Ekitaldiaren hasieran, irakurle txokoko kideek, Ibon Fernandezen idatzi bat irakurri zieten bertaratutakoei. Aita izango zela jakin zueneko idatzi bat hain zuzen.
Ane Labaka herriko bertsolariak hartu zuen mikrofonoa ondoren eta Iboni jarritako bertso sorta bat abestu zuen orduan, Okendon bildutakoen laguntzaz. Presondegietako egora zail eta mingarria ekarri zuten gogora bertso horiek. Horrekin batera, presoen senideek, kartzelatara egin beharreko bidaietan, errepideetan izan ohi dituzten zailtasun eta arriskuak ere agerian gelditu ziren atzo.
Xumela Kantu Taldeko lagunak ere bertan izan ziren. Beraien txanda izan zen gero. 'Kalera kalera' abestia kantatu zuten lehenengo eta 'Epo ita ita ye' abestu eta dantzatu zuten amaitzeko.
Ibon Fernandezi bertsoa, Ane Labakak
1.- Lurra arrats
luze goiza,
luzeago
gau bakoitza
egoera
da zikoitza
zilegi zait
zure oroitza
espetxea
bada egoitza
esklerosi
anizkoitza
espetxea
bada egoitza
min berbera
da bikoitza.
2.- Minez bizi
ohi gara gu
bake nahia
badaukagu
dena beldur,
dena tabu,
nor da katu,
nor da sagu?
motxila bat
daramagu
larritzen da
graduz gradu
motxila bat
daramagu
'mendekua'
izena du.
3.- Karretera
da oihana,
arriskua
da porlana
guregandik
zuengana
nola zaindu
harremana?
Beraiena
denez zama
aipatzea
banarama
beraiena
denez zama
senideei
musu bana.
4.- Maitasuna
da formula
hain hauskorra,
hain ahula,
ez dezagun
ahal sekula
nahi dizugu
hau xuxurla;
argi izan
dezazula
zure ondoan
gaituzula
argi izan
dezazula
asko maite
zaitugula.