Ezin dut gehiago eskatu”. Iñigo Altunak ederki ekin dio afizionatu mailako ibilbideari, azaroko lehen asteburuan Arrasaten jokatutako Gipuzkoako ziklo-kros txapelketan maila ederra erakutsita. Are, 23 urtez azpiko kategoriako Gipuzkoako txapelduna izan zen. Egindako denbora, 01:05.50.
“Ordubeteko lasterketa izan zen, eta gogorra egin zitzaidan hasieran; aurreko urteetan berrogei minutu ingurukoak izaten ziren. Nabaritzen da aldaketa”, aipatzen du txirrindulari gazteak. “Hasiera batean ez genuen asmorik txapelketan aritzeko, baina taldeak galdetu zidan ea parte hartzeko moduan ikusten nintzen, eta hala egin nuen; oso gustura nago lortutakoarekin”, gehitzen du.
23 urtez azpiko kategoriakoak elitekoekin batera lehiatu ziren Arrasaten. Javier Ruiz de Larrinaga (elite) izan zen bizkorrena, ibilbideko 27 kilometroak 1:00.41eko denboran eginez. Bost minutura helmugaratu zen Iñigo Altuna: “Larrinagak 37 urte ditu, egina dago jada, kategoria horretako beste txirrindulari asko bezala; 18 urteren bueltan gabiltzanok oraindik guztiz egin gabe gaude, eta hori nabaritzen da”, nabarmentzen du Altunak.
Talde berrian gustura
Afizionatuetara jauzi egitearekin bat taldez aldatu du Altunak, orain arte Buruntzazpin ibili ostean. Zarauzko Jira Bira taldean dabil orain. “Txirrindulariok asko zaintzen gaituzte, materiala ere bai, neguan zeharreko entrenamendu planifikazio zehatz bat diseinatu dute niretzat... Espero baino hobeto hasi naiz talde berrian, oso gustura nago”, dio herritarrak. Taldeko kideen arteko “giro ona” ere azpimarratzen du: “Arrasaten asko animatu ninduten, harreman oso ona daukagu, eta horrek laguntzen du gero konpetitzerakoan”.
Duela bost aste ekin zien entrenamenduei Altunak, hilabetez atseden hartu ostean. “Deskonektatzeko oso ongi etorri zitzaidan tarte hori, baina era berean, fisikoki asko galtzen duzu”, dio. Orain arteko saioak alor hori indartzeko baliatu ditu, errepideko sasoira begira: “Denboraldiko helburu nagusiak fase horretara bideratuak daude, baina ziklo-kros lehiaketetan ere hartuko dut parte noizean behin. Esaterako, abenduko Euskadiko txapelketan”. Horretan ongi ariko balitz, Espainiakoan parte hartzea ere ez du baztertzen.
Ikastea xede
Kirol helburu zehatzez baino, denboraldi honetan ikasteaz eta kategoriara ongi egokitzearen garrantziaz mintzo da txirrindulari gaztea. “Zure taldeak finkatzen dizkizu azkenean kirol helburuak; Bidasoakoan eta antzeko lasterketetan aritzeko gogo handia daukat. Hala ere, niretzat garrantzitsuena txirrindulari gisa formatzen eta hazten jarraitzea da, eta afizionatu mailara ahalik eta ongien egokitzea. Lau bat urteko ibilbidea da afizionatu mailakoa, eta nik lehenengoa hasi besterik ez dut egin”.
Ederki hasi, gainera: iazko denboraldia amaitu bezala ekin dio Altunak: podiumaren maila gorenetik.