Jose Luis Pinilla Apezpikukonferentziako Migrazio idazkaritzako zuzendaria izan zen asteazkenean Manuel Lekuona kultur etxean.
Pinilla etorkinen eta errefuxiatuen fenomenoari buruz mintzo zen, baina ez zien datuei garrantzia askorik eman. Bere ustetan, herritarrek egoera honen aurrean hartu behar duten jarrera azaldu zuen. “Errealitateari buruzko hausnarketa bat egin behar da. Ikusten duguna aztertu. Irudi idilikoen edo injustizia egoeren atzean dagoena ikusi behar da eta zergatia galdetu. Ez du balio bat-batean emandako elkartasunak. Elkartasuna ezin da konpultsiboa izan”, adierazi zuen.
Lehenik Trumpen garaipenak sortzen zizkion kezkak aipatu zituen, “etorkinen harira, kanpainan egindako adierazpenak kezkagarriak dira”.
Era berean, etorkinen eta errefuxiatuen egoera “bidegabea” salatzeko, mugimendu kolektibo bat bultzatzearen aldeko agertu zen.
Topaketa astearen barruko ekintza honetara hainbat herritar bildu ziren. Adi entzun zituzten Pinillaren azalpenak eta galderak egiteko tartea ere izan zuten.
Bestalde, ekintza isila egin zen atzo arratsaldean Okendo plazan. Donostiako 'Círculo de Silencio-Isilune Zirkulua', Andatzazpi Pastoral Barrutiko kideak eta herritarrek bildu ziren. Borobilean jarri eta isiltasuna nagusi, lehenik geldirik eta ostean, mugimenduan Europako etorkinekiko eta errefuxiatuekiko elkartasuna adierazi zuten.
Harresia gurutzatu
Gaur Melillako muga zeharkatu nahi duten etorkinen egoera ezagutuko dute Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi areto hurbiltzen diren herritarrek.
Amparo Climenten 'Las lágrimas de África' dokumentalak Gurugu eta Bolingoko kanpamentuetako bizitza azalarazten du. Etorkinen esperantzak eta nahiak ezagutzera ematen ditu.
Melillako harresia gainditzeko egiten dituzten saiakeretako irudiak ere ikusi ahal dira film honetan.
Bihar, berriz, Cadizen lan egiten duen 'Tierra de todos' fundazioaren aldeko elkartasun afaria izango da Zumaburuko Arantzazuko Ama eliza azpiko lokalean.
Erakusketa
Azkenik, Topaketa asteko antolakuntzako kideek gogorarazten duten moduan, 'Somos migrantes' erakusketa egongo da Antonio Mercero aretoan. Azaroaren 15ean itxiko ditu bere ateak eta honekin batera, amaituko da Topaketa astea.