Lehenengoa, bederatzigarrenean

Iñigo Gonzalez Sarobe 2016ko azaroaren 11

Denboraldiko lehen partidua irabazi zuen Ohorezko erregionalak, Beti Gazteri 2-1 irabazita, bederatzigarren jardunaldian. Bestalde, Ohorezko jubenilek 0-2 hartu zuten mendean Hernani, eta multzoko liderrak izaten jarraitzen dute, 21 puntu poltsikoratuta.

Ligako bederatzi jardunaldi behar izan ditu Ohorezko erregionalak denboraldiko lehen garaipena poltsikoratzeko. Finalez hitz egiten hasteko goiz samar da oraindik, baina joan den igandean jokatutako neurketak tankera hori zeukan Mikel Medina eta Gabi Sanchezek zuzendutako taldearentzat. Bi puntu besterik ez zituzten poltsikoratu ordura arte, eta kontuan hartuta beheko taldeetako batzuek irabazi egin zutela, ezin zuten berriro ere kale egin.

Hobeto zelairatu zen talde urdin-beltza. Lehenengo minutuetan etxeko taldea izan zen nagusi, eta aukera garbienak ere haientzat izan ziren. Horietako batean, Alex Rodriguezek 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan. 20. minutua zen. Beste 70 falta ziren oraindik helburua betetzeko. Oso luze egin zitzaizkion Ostadarri, golaren ostean Beti Gazte izan baitzen nagusitzen hasi zena. Halere, 1-0 joan ziren atsedenaldira.

Aldageletatik bueltatu eta berehala sartu zuten banakoa nafarrek. Bazirudien beste aste batez hiru puntuak ihes egingo zietela etxekoei, baina Gorka Britek 72. minutuan sartutako gol ikusgarri bati esker denboraldiko lehen garaipena poltsikoratu zuten. 16. postuan daude orain, bost punturekin.

Jubenilak, geldiezin

Tokitan geratu da Ohorezko jubenil mailako taldeak 1go jardunaldian Dunboa Eguzkiren aurka galdutako neurketa (4-1). Orduz geroztik, Javi Solchaga eta Ibai Etxaideren mutilek zazpi neurketa irabazi dituzte jarraian, eta multzoko liderrak dira, 21 punturekin. Laura dago Dunboa Eguzki, bostera Sporting de Herrera eta seira Añorga.

Iragan asteburuko erronka ez zen erraza urdin-beltzentzat. Hernaniren aurka jokatu zuten, Zubipen. Ez da zelai errazena hiru puntuak poltsikoratzeko, baina herritarrek hala egin zuten, 0-2 irabazita, Jon Lopez de la Callek eta Samu Ferreirak sartutako golei esker. Beste hiru puntu zakura.

Asteburuan aukera polita daukate Solchaga eta Etxaidek zuzendutako jokalariek lidertzan jarraitzeko, eta emaitzek laguntzen badute, aldea handitzeko. Oiartzun hartuko dute etxean bihar, 15:30etik aurrera, Michelingo zelaian. Orain arte herrian jokatutako neurketa guztiak irabazi ditu taldeak. Golei dagokienez, hamazazpi sartu eta sei jaso ditu.

Jardunaldiko emaitzak

Joan den asteburuko jardunaldiko emaitzak denetarikoak izan ziren: Amara Berri 0-0 Ostadar SKT (Emakumezkoen Lurralde maila); Ostadar SKT 1-1 Billabona (1go erregionala; atseden hartu zuen Texas Lasartearrak); Ostadar SKT 2-0 Astigarragako Mundarro (1go jubenila); Astigarragako Mundarro 1-1 Ostadar SKT (Ohorezko kadetea); Ostadar SKT 1-2 Sporting de Herrera (1go kadetea); Lazkao 1-3 Ostadar SKT (Ohorezko infantila).