Jesus Zaballos alkateak irakurri du udal korporazioak onartutako testua.
Hau izan da bere osotasunean adierazitakoa: "Etorkizuneko bakeak eta bizikidetzak eskakizun dute bortizkeriaren bidegabetasuna aitortzea, eragindako kaltea eta biktimen duintasuna aitortzea, guztiak baitira egiarako, justiziarako, memoriarako eta erreparaziorako eskubidearen merezidun. Garai berri honen mehatxu handietako bat da bortizkeriazko gertaera traumatiko horiek denak ahaztea, sufrikario pertsonal eta kolektibo sakona eragin baitute eta eragiten jarraitzen baitute, baita Lasarte-Orian ere. Horregatik, gaur bezalako egun batean, azaroak 10, Memoriaren Eguna, udal honetako korporaziokideen artean hurrengo puntu hauek gogorarazi nahi ditugu: Biktima guztiek dutela oroitzapenerako eskubidea eta horrek inklusiboa izan behar duela. Giza Eskubideak urratzeko modu guztiak arbuiatzetik abiatuta, memoriak aitormena, erreparazioa eta ez errepikatzearen bermea sustatu behar duela terrorismoaren eta motibazio politikoko bortizkeriaren edozein erabileraren biktima guztien kasuan.
Eta horregatik guztiagatik agertzen dugula geure konpromisoa eta borondatea ahalik eta kontsentsurik handienetik memoriaren politika bat sustatzeko, beren duintasunaren urraketa bidegabeki nozitu zuten eta oraindik nozitzen duten pertsona guztiekin enpatiaz eta elkartasunez aritzea eskainiko duena".
Irakurketa egin ostean, zinegotziek loreak jarri dituzte Udaletxean Terrorismoaren biktimen omenezko plakaren azpian. EHBilduko ordezkariek nahiago izan dute azken urteetan egin bezala, Askatasunaren parkean loreak uztea, hauen hitzetan, 'inklusiboagoa' delako gune hau. Isilunea amaituta, bertara joan dira.
Honakoa izan da ohar bidez EHBilduk azaldutakoa: "Azken urteetan Askatasunaren parkea guneak lortu duen inklusibitatearen alde gaude, biktima guztiak errekonozitzearen alde gaude, gure herrian bizikidetzan urratsak ematearen alde. Azken urteetan, gure ustetan bizikidetzako normalizazioan gune horrek lortu duen aurrerapauso txiki baina garrantzitsuaren alde gaude, alderdi guztiek urrats txiki baina garrantzitsuak emanez, gune eta eskultura horretan biktima guztiak gogoratuz. Aurten, udaleko alderdi desberdinek adostutako testuan ere ekitaldiaren helburuak badira: biktima guztiak salbuespenik gabe oroitzea; egia, justizia eta erreparaziorako guztiek duten eskubidea transmititu nahi da; alderdi ezberdinak ados gaude biktima guztiekiko gure errekonozimendu, babesa eta elkartasuna adieraztearekin. Gure herrian oraindik ere errekonozitu gabe dauden biktimen memoria ere gogoan dugu egun honetan, biktima eta familia hauei hainbat instituziotatik egiten zaien bazterkeri hau ez da ulergarria, ezta onargarria ere. Gertatutakoaren egia mosaiko haundi bat izan behar da, egia ezberdinez osatutako mosaiko zabal bat. Egia guztiak maila berean ikusarazi eta errekonozitu behar dira gizartearen aurrean. Herri honetako gatazkaren konponbiderako prozesu eta bizikidetzan sinisten dugulako Lasarte-Oriako EHBildu-k ekitaldian parte hartuko du eta herri honetako bizikidetza eta gatazkaren konponbiderako prozesuan aurrerapausoak emateko lanean jarraituko dugu zintzotasunez, arduraz, umiltasunez, propositiboak, inklusiboak eta eraikitzaileak izanez".
PPren jarrera
Alex Saenz PPko zinegotziak ohar bidez azaldu zuen ekitaldian parte hartu ez izanaren arrazoia. "Ez dugu ETA kondenatzen ez dutenekin ekitaldi batean parte hartu nahi, izan ere, adostutako testuan ere ez da ETA aipatzen. Ekitaldi hau kontzientzia batzuk garbitzeko besterik ez da izan". Saenzen hitzetan, "terrorismoko biktimak aitortu behar dira hala diren neurrian eta ez, beste mota bateko biktimekin batera egindako ekitaldian, nolabait erlatibizatuz pairatu dugun mina eta sufimendua". Adostutako testua "EHBilduren neurrikoa" zela ere azpimarratu zuen. Alderdi popularreko kideak adierazi zuen "gu beti egongo gara biktimekin baina horrek ez du gure exijentzia maila jaitsiko".