Idoia Cuesta herritarraren lana Cristina Enean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 9a, 13:30

Galizian bizi da aspaldi Idoia Cuesta lasarteoriatarra. 2015ean jaso zuen “saskigintza tradizionalari ikuspegi berritzailea emateagatik”, estatu mailan artisautza alorrean ematen den sari gorena. Oraingoan, Cristina Enea Fundazioak gonbidatuta, hainbat lan ekarri ditu Donostiako egoitza horretara eta tailer bat ere eskaini du.

Idoiari asko gustatzen zaio etxera bueltatzea eta are gehiago bere lanak erakusteko parada aitzakia izanda. 

Urriaren 20ean Egia auzoan kokatuta dagoen Cristina Enea parkeko ingurumen baliabideen etxean zumezko eskultura artistikoei buruzko ikastaroa eskaini zuen. 

Honetan ‘habia-teknika’ erabiliz, zumezko bi eskultura handi egin ahal izan zituzten parte hartzaileek. “Naturan eta txoriek beren habiak egiten dituzten moduan oinarrituta”.

Teknika hau bolumen handiko lanak egiteko baliogarria dela erakutsi zuen herritarrak. 

Haria galtzen

Horretaz gain, erakusketa bat ere jarri da bertan eta abenduaren 11a arte izango da ikusgai. ‘Haria galtzen’ izena jarri diote eta nolabait Euskal Herrian ehungintza tradizioa galtzen ari dela eta, gure ondareari zein lotuta dagoen azaltzen du. Jasotako tradizio horretan oinarrituz, praktika honen etorkizunean arreta jartzea du helburu. Eta horretarako, Idoiak eta beste artisau batzuek egiten dutenari garrantzia eman zaio honen baitan. Cuestak urteak daramatza saskigintza tradizionaleko teknikak erabilita esperimentatzen. “Saskigintza ez da bakarrik saskiak egitea, aplikazio pila ditu. Teknika ezagututa, arkitekturan, moda diseinuan, etxe barruko diseinuetan aplika daiteke oso emaitza onekin”.  

Idoiak aurkezten dituen bildumetan ere, materialekin jokatzen du, diseinuekin… Teknika tradizionalak ezagutu eta hauek erakustearen beharra nabarmentzen ditu, ondarea gal ez dadin batetik eta bestetik, egun diseinuan erabat erabilgarriak direla argudiatuz.