Akordeoi soinuez gozatzeko jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 10a

Zero Sette akordeoi orkestrak antolatutako XIII. Akordeoi jaialdia izango da larunbatean, 19:00etatik aurrera. Aurtengoan, herriko taldeak protagonismo guztia utziko die bisitariei. Horrela, oholtzan izango dira Julien Gonzales akordeoilari frantsesa, Clak’Tet taldea eta Susana Cencillo eta Javier Perezek osatutako bikotea. Zero Settek azpimarratu duenez, goi mailako musikariak dira denak.

Beste urte batez herriko Zero Sette akordeoi orkestrak udaleko Kultura sailaren laguntzarekin, Akordeoi jaialdiaren edizio berri bat, XIII.a antolatu du larunbatean, azaroaren 12an. 

Julien Gonzales, Clak’Tet eta Susana Cencillo eta Javier Perez arituko dira Manuel Lekuonako auditorioan. 

Aurten lehenengoz Zero Settek ez du emanaldirik eskainiko kanpotik ekarritako artistei protagonismo guztia eskaintzeko. 

Puntako gonbidatuak

Julien Gonzales da gonbidatuetako bat. “Estilo askotara moldatzen den musikaria da. Jazz doinuak, tangoa, frantziako musette-a, musika klasikoa edota ekialdeko doinuak eta musika garaikidea ere maisuki interpretatzeko gai da” adierazi du Zero Settek. 

Gonzalesek hamabi urte zituenetik kontzertu eta nazioarteko lehiaketetan parte hartu du. 

Ondorioz, munduko akordeoilari onenaren saria jaso zuen 2003 eta 2005 urteetan junior mailan eta 2006 eta 2010ean senior kategorian. Beste hainbat sari ere eskuratutakoa da. 

Egun, kontzertu emaile, lehiaketa askotako epaimahaikide, irakasle eta aholkulari artistikoa da. Azken urteetan antzerkira ere jauzi egin du. 
Clak’Tet taldeak “ikusleak txundituko ditu” aipatu du Zero Settek. Akordeoi doinuen erritmoan, klaké dantzariak oinak astinduko ditu soinu metalikoa musikarekin uztartuz. 

Swing, jazz eta musika brasildarreko doinuak interpretatzen dituzte, besteak beste. 

Herrialde ezberdinetako musikariak dira taldekideak, Italia, Frantzia eta Euskal Herrikoak. 

Roberto Gervasi akordeoilaria, Yannis Constans gitarrajotzailea, Camille Wolfrom kontrabaxua eta Sagari Ur dantzariak osatzen dute taldea. 
Gervasiren kasuan, “Italia osoan jazz musikari autodidakta bakarrenetakoa dela esaten da beragatik. Musika oso pertsonala egiten du”. Egun, 'My Jazz Accordion' taldearekin Italian zein kanpoan kontzertu asko eskaintzen ditu ere.

Azkenik, jaialdia zabaltzeko ardura izango dutenak, Susana Cencillo akordeoilaria eta Javier Perez tronpeta joleak osatutako bikotea izango da. “Ez da ohikoa akordeoia eta tronpetak bat egitea. Oso kanta eta melodia ezberdinak interpretatzen dituzte, euskal kantak, bossa novak, Frantziako musika... eta gainera inprobisazioan aritzeko ausardia ere badute” azaldu dute Zero Sette akordeoi taldeak. 

Biek esperientzia luzea dute eta bide ezberdinak egin ostean, 2015. urtean elkartu eta duetoa osatzea erabaki zuten.

Sarrerak

Kontzerturako sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Manuel Lekuona kultur etxean 3 euroren truke. 16 urtetik beherakoentzat sarrera doakoa izango da aurreko edizioetan egin bezala. 

Emanaldia 19:00etan hasiko da eta beste urte batez, Zero Settetik herritarrak animatu nahi dituzte honetara gerturatzeko.

“Kontzertu ederraz gozatzeko aukera izango da. Estilo ezberdinetako doinuak entzungo dira gustu guztiak asetzeko modukoa izango da”.