Lasarte-Oriako 4. Baserriko azoka aurkeztu dute gaur goizean. Agerraldian Jesus Zaballos alkatea, Beatriz Juez Sozioekonomia batzordeburua, Dioni Avila teknikaria eta Behemendi elkarteko kide Ainhoa Amundarain izan dira.
Lasarte-Oriako Alkateak Jesus Zaballosek gogoratu modura, hainbat ekintza antolatzen ditu Udalak Behemendi elkartearekin. Ekimenek duten harrera ona ikusirik, “Udalak egiten duen balorazioa ona da eta herritarrek ere ederki erantzuten dute” adierazi du alkateak, baserriko produktuen azokaren laugarren edizioa egingo da aurten.
Ainhoa Amundarain Behemendiko arduradunen hitzetan, larunbatean goizeko 10:00etatik 14:00etara izango da azoka Okendo plazan. Bertan “zortzi edo hamar karpa eta eremuko informazioa eskaintzen duen puntu turistiko bat ere” ikusi ahalko dituzte herritarrek.
Baina ez da guztia helduei zuzendua izango. Haurrentzako txoko bat ere izango da, “garai bateko jokoak, egurrez egindakoez” gozatuko dute etxeko txikiek.
Ekoizleak
Behemendi elkarteko arduradunak azaldu moduan 12 ekoizleren garaiko produktuak ikusi, dastatu eta erosi ahalko dira plazan.
Gainera, herriko eta inguruko ekoizle asko izango direla azpimarratu du aurkezpenean. Lasarte-Oriako bi postu izango dira, bata Oztarango Telleri baserriko kideak, “hauek baserrian dituzten garaiko barazki eta fruituak ekarriko dituzte” eta bestetik, hazi ekologikoak hazten dituen bikotea bat.
Urnietan egindako ahate produktuak, Hernanin ekoizten diren marmelada eta konfiturak, Aian artisau eran egindako gaztak, Errenterian Idiazabal jatorri-deitura duen gazta edo Tolosaldeko ardi gazta eta artisau-ogia eta esnekiak izango dira herritarren eskura.
Berrikuntza modura, Irungo behi haragi produktuak ekarriko dituen postua nabarmendu du, “Pirinioetako eta Terreña arrazako behiak hazten dituzte. Orain Eskoziako arraza batekin ere hasi dira lanean. Haiek hil eta loteka saltzen dute haragia. Haragiarekin bestelako produktuak ere prestatzen dituzte, hala nola, haragi-bolak”.
Sektorea kalera ekarri
Dioni Avila Sozioekonomia arloko teknikariak azaldu modura, “horrelako ekintzekin herriaren dinamizazio sozioekonomikoa bilatzen dugu. Era berean, gure herrian gaur egun txikia den lehen sektorea kontuan izan eta bertako produktuak herritarren eskura jartzen dira”.
Giroa
Honetaz gain, Avilak goiz osoan zehar Udal Musika eskolako trikitilariek azoka girotuko eta alaituko dutela jakitera eman du.
Lasarte-Oriako Udalak eta Behemendi elkarteak aurreko urteetan azokak izan duen arrakasta errepikatzea espero dute eta horregatik, herritarrak animatzen dituzte larunbatean Okendo plazara hurbildu eta produktuak erostera.