Babyauto Zarautzek ezin izan zuen punturik Euskal Herrira bueltan ekarri igande eguerdian A Coruñan (Galizia) jokatutako neurketatik. Kategoria gogorra da Ohorezko B maila, eta akatsak garesti ordaintzen dira. Hala egin zuen talde zarauztarrak ere: bi entsegu ez zituen transformatu, beste huts pare bat ere egin zituen, eta ondorioz, ihes egin zien garaipenak, 27-17. Atsedenaldira etxeko taldea joan zen aurretik, 8-5. Herriko hainbat jokalarik hartu zuten parte norgehiagokan: Ander eta Xabier Rekondo anaiek, David Vegak eta Julen Aristorenak, hain zuzen.
Ez da ahaztu behar aldaketa dezente egon direla aurten Babyauto Zarautzen taldean, eta jokalarietako asko oso gazteak direla (20 urtez azpikoak). Hala ere, maila oso ona ematen ari dira Ohorezko B mailan, eta sailkapeneko laugarren postuan dago taldea, lau neurketa irabazi eta hiru galduta.
Harrobiko taldeak Michelinen
18 eta 16 urtez azpiko Gure Etxea Beltzak taldeek Michelingo zelaian jokatu zuten iragan asteburuan. Uribealdearekin neurtu zituzten indarrak, eta erraz nagusitu ziren. 90-0 eta 80-0 irabazi zuten, hurrenez hurren.