Denboraldi ikusgarria egiten ari da Intza KE Gipuzkoako 1go mailan. Aurten igo dira kategoria horretara, eta maila aise mantentzeaz gain, finalerdiak jokatzeko ere sailkatu ziren duela pare bat aste.
Larunbatean jokatu zuten finalera pasea, Oreretako EPLE taldearen aurka. Arerio gogorra eduki zuten aurrean Jon Pello Artetxek eta Mikel Elolak. Ligaxka erregularrean bigarren multzoko lider izan zen aipatu taldea, eta bera zen finalean sartzeko faborito nagusia.
Aurreikuspen horiek bete egin ziren larunbatean Agustina Otaola pilotalekuan jokatutako neurketan, eta EPLE sailkatu da 1go mailako final handirako, gure herriko bikotea 22-13 garaitu ostean. Lazkaoko LAPKE izango du aurkari; Intxurre hartu zuten mendean lazkaotarrek, 22-16.