Puntu gutxiko aldearekin garaipena etxeko neskentzat

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 7a

Ostadar SKT-ko Probintzialeko Senior nesken taldeak Bera-Bera Saskibaloi Taldearen aurka jokatu zuen norgehiagoka igandean, herriko Udal Kiroldegian. Etxeko taldeak azken unera arte jokoa gogor borrokatuta, garaipena eskuratu zuen luzapen tartean, 76-73.

Puntu gutxiko aldearekin amaitu zen igande goizean Ostadar SKT-ko Probintzialeko Senior nesken taldeak eta Bera-Berak jokatutako norgehiagoka, baina etxeko taldeak lortu zuen garaipena. Ligako talderik onenetariko bat izan zuen aurkari Ostadar SKT-k, baina zailtasunak zailtasun, garaipena eskuratuta amaitu zuten partida. 

Ostadar SKTrentzat gauzak ondo hasi ziren lehen laurdenean. Tarte horretan joko ona egin bazuten ere, Bera-Berak etxeko taldearen akats guztiak zigortu eta saskiratze errazak lortu zituzten partidaren lehen zatian. Gauzak horrela, jokoa defendatu zuten herriko neskek, baina markagailuan 13 eta 16 punturekin atzetik zirela joan ziren lehen atsedenaldira.

Bigarren laurdena aldiz, ez zuen nahi bezala hasi Ostadar SKT-k. Baloi ugari galdu zituen etxeko taldeak eta jokoa defendatzen jarraitu bazuten ere, 13 eta 23 puntuko aldearekin aurretik jarri zen Bera-Bera. Egoeraren aurrean, Ostadar SKT-k erreakzionatu eta 15 eta 0ko partziala eginda, aurre hartzea lortu eta bigarren laurdena, 32 eta 29 punturekin amaitu zuten, herrikoak aurretik.

Nagusi izan ziren hirugarren laurdeneko zati osoan etxekoak. Bost eta sei puntuko aldea lortu zuten Ostadarreko neskek, baina aurkariak bi puntuko gerturatzea lortuta, ez zuten alde egiterik hirugarren laurdena amaitzerako.

Laugarren laurdenean, ordura arteko jokoa mantenduta, aurkariek bi hiruko saskiratze egin eta aurretik jarri zen Bera-Bera. Minutu baten faltan, beste hiruko saskiratze bat eginda, 65 eta 59 markagailuan atzetik ziren Ostadar SKT-ko neskak.

Gauzak horrela, partidaren amaieran etxeko taldeari falta egin eta lau segundoren faltan zirela, bi puntugatik galtzen zihoazela, bi jaurtiketa libre saskiratzea lortu eta luzapeneko tartera joan ziren bi taldeak.

Nekatuta ziren ordurako bi taldeak luzapen tarte horretan, baina 75 eta 73 punturekin aurretik jartzea lortu zuen Ostadar SKT-k eta partidaren azken unean, falta egin zioten etxeko taldeari eta markagailuan puntu bat gehituta, 76 eta 73eko puntuazioarekin eskuratu zuen garaipena Ostadar SKT.

Denboraldi txukuna

Liga hasi zenetik denboraldi oso txukuna egiten ari dira Ostadar SKT Probintzialeko Senior neskak. Lehenengo aldia da, aurtengoa, senior mailako taldea osatu dutena eta ligako talderik gazteena da aldi berean. Denboraldian zehar, bost partidu jokatu dituzte oraingoz eta horietatik guztietatik, lau garaipen eta porrot bakarra erdietsi dute Ostadar SKT-ko Probintzialeko Senior neskek.