Denetariko emaitzak herriko areto-futbol taldeentzat

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 4a

Iragan asteko jardunaldian denetariko emaitzak erdietsi zituzten herriko areto-futbol talde federatuek. 3. mailako Ostadar Antonio Aroztegiaren eta Gipuzkoako 1go mailako ISU Leihoaken garaipenak izan ziren azpimarragarrienak.

3. mailan lehian ari den Ostadar Antonio Aroztegia bolada onean da. Denboraldi hasierako emaitza txarrak atzean utzita, azkeneko bi norgehiagokak jarraian irabazi ditu. Azkena, Udal Kiroldegian Soloarteren aurka jokatutakoa: 5-4 nagusitu ziren Josean Jimenezek zuzendutako jokalariak. Golak Asierrek (2), Petxak, Platak eta Danik sartu zituzten. Bigarren zatian 4-1 eta 5-2 irabazten joan ziren urdin-beltzak, baina bukaeran sufritu egin zuten, Soloartek atezain-jokalaria atera eta bi gol sartzea lortu zuelako. Hala ere, hiru puntuak etxean geratu ziren. Horiei esker, sailkapenaren zulotik atera da Ostadar. Etxean denboraldi honetan lortzen duen lehen garaipena da.

Ostadar Antonio Aroztegiarena ez zen izan herritarrek Udal Kiroldegian ikusi zuten garaipen bakarra. Gipuzkoako 1go mailan ari den ISU Leihoakek 5-0 garaitu zuen Lauburu Aldaz Klinika. Eneko Molinarenek ez dute norgehiagokarik galdu sasoi honetan, eta sailkapenaren goikaldean daude, laugarren postuan, 12 punturekin. Mondrate liderra lau puntura daukate herritarrek.

Maila berean ari den Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek ezin izan zuen punturik ekarri bueltan Tolosatik. Iurre Tabernarekin neurtu zituen indarrak, eta 5-3 galdu zuen. Maldan gora jarri zitzaien neurketa Edu Menarenei, 3-0 galtzera iritsi baitziren, baina egoerari buelta eman eta 4-3 hurbildu ziren, baina azkenean ezin izan zuten punturik bildu. 

Azkenik, jubenil mailako Lasarte Kafe Bar Ostadarrek 4-3 galdu zuen Anoeta FTren aurka. Hiru norgehiagoka jokatu eta hiruak galdu ditu taldeak, baina partiduetan maila ona erakusten ari da eta laster iritsiko dira puntuak.

Herriko areto-futbol txapelketa

Aurrera jarraitzen du herriko areto-futbol txapelketak. Pasa den asteburuan 6. jardunaldia jokatu zuten. Hauek izan ziren emaitzak: Txoko 2-5 Trumoi; Ibaros Latino 2-5 Urdaneta HK; Ilargi 4-6 Reformas Lagunak; Viña del Mar 0-6 Izkiña; eta Aita Amari 4-4 Indaux. Also eta Kattagorri Insaustiren arteko neurketa atzeratu egin zuten.