Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldea, 2017 denboraldia prestatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko azaroaren 7a

Datorren urteko denboraldia diseinatzen hasia da Trinko Lasarte-Oriako triatloi taldea. Aurten sortu da, eta 14 kirolarik osatzen dute, oraingoz.

Triatloi taldea da, baina duatloi eta triatloi federazioan daude federatuak. Hortaz, duatloia egin gura duten herritarrek ere Trinkorekin federatzeko aukera daukate. 

Triatloiak hiru kirol diziplina biltzen ditu: igeri eta korrika egitea eta bizikletan aritzea. Trinkoko kideek hiru modalitate horietan aritzen den edonor gonbidatzen dute eurekin aritzera. Gainera, gogorarazten dute bizikleta-irteerak egiteko seguru bat edukitzea komenigarria dela. Trinkorekin federatuz gero, abantaila hori eduki dezake kirolariak, taldean irteteak dauzkan onurekin batera.

Korrika entrenamenduak ere taldeka egiten dituztenez, triatloia edo duatloia egiten ez duten korrikalariak ere hasi dira animatzen. Trinkoko kideek zehaztu dutenez, prest daude korrikalarientzat taldeko entrenamenduak prestatzeko, baita igerilarientzat ere, hala nahi balute. 

Taldekideekin harremanetan jarri nahi duten pertsonek hainbat bide dituzte. Batetik, idatzi dezakete lasartetriatloi@gmail.com helbidera. Bestela, 695 74 33 30 zein 635 73 68 52 telefonoetara hots egin dezakete. Taldeari buruzko informazio gehiago ere topa daiteke Trinkoren Facebook eta Twitter orrialdeetan. 

Bizikleta-irteeren egutegia

Arestian aipatutako bizikleta-irteeren bueltan, aipagarria da berrikuntza bat prestatu dutela Trinkoko kideek datorren sasoira begira: urtarriletik ekainera bitarteko egutegia. Hilabete horien arteko irteerak jaso dituzte egutegi horretan; kilometro kopurua progresiboki igoko dute. Jakinarazi dutenez, bi egingo dituzte hilabete bakoitzeko, larunbat edo igandetan, Okendo plazatik goizeko bederatzietan abiatuta. 

Euren sare sozialetan eta herriko hedabideetan emango dute egutegi horren berri, aurrerago.

Material-eskaera

Taldeak kirol-materiala ere atera du aurten. Proba desberdinetan oso presente egon dira berde eta beltz koloreak. 2017ra begira, beste eskaera bat egin behar dute. Hori dela eta, interesa eduki dezaketen pertsonek taldekideekin jarri behar dute harremanetan, aurrez aipatutako bide horiek erabiliz. Behin hori eginda, Trinkoko kideek materialari buruzko aukeren berri emango diete interesatuei. 

Triatloian murgilduz

“Hasiera batean, errespetu handia ematen du triatloiak; jendeak probatzeko beldurrik izan ez dezan, prest gaude, ahal dugun heinean, lasterketa egunean eta lehenago behar den prestaketan laguntzen. Esperientziaduna edo berria izan, guztiek daukate tokia Trinkon”, aipatzen dute.

Horri lotuta, triatloia probatu nahi duten emakumeei ere taldean sartzeko gonbita luzatzen diete Trinkoko kideek: “Emakumeen presentzia urria da triatloian; gure taldea ikusi besterik ez dago, 14 kideak mutilak baikara. Anima daitezela, egin beharreko bidean laguntzeko prest gaude eta”. 

Hurrengo erronka, Behobia

Asteburu honetan jokatuko den Behobia-Donostia lasterketan ere presente egongo dira Trinkoren kolore berde-beltzak. Orain, proba horretara ahalik eta ongien iristeko buru-belarri ari dira entrenatzen herriko triatloi taldeko kideak.