Ikastetxeetako guraso elkarteekin hitzarmena, Eskola Kirola garatzeko

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 28a

Lasarte-Oriako Udalak hitzarmenak sinatu ditu Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako guraso elkarteekin, Eskola Kirola egitasmoa garatu ahal izateko. Denera, 44.373 euro jasoko dituzte aipatu bi elkarte horiek.

Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeetako guraso elkarteek (Landaberriren kasuan, Lehen Hezkuntza eta DBHkoak; Sasoeta-Zumabururenean, Lehen Hezkuntzakoak) akordioak sinatu dituzte Lasarte-Oriako Udalarekin, herriko ehunka gaztetxori ariketa fisikoa egiteko aukera ematen dien Eskola Kirola egitasmoa gauzatzeko. Denera, 44.373 euro (37.981 Landaberrik eta 6.392 Sasoetak) jasoko dituzte aipatu bi guraso elkarte horiek. Sasoeta-Zumabururen guraso elkartearen izenean Javier Alonsok sinatu zuen hitzarmena; Landaberrirenean, Miren Zalduak. Udalaren izenean Jesus Zaballos alkatea eseri zen mahaian. Lasarte-Usurbil BHIk ez du sinatu akordioa aurten, azken denboraldietan lehian ibilitako boleibol taldea atera ez dutelako, Carlos Altuna Udaleko kirol teknikariak jakinarazi zuenez. Txus Alonso kirol zinegotzia ere presente egon zen ekitaldian.

Hitzarmen horietan jasotzen denez, ikastetxeek bermatu beharko dute Eskola Kiroleko saio horiek ematen dituzten begiraleak elebidunak izatea. "Horren bitartez, euskararen erabilera sustatu nahi dugu egitasmo honetan", zehaztu zuen Zaballosek. Era berean, herriko bi ikastetxe horiek konprometitzen dira Udalak Eskola Kirola kudeatzeko sortu duen egitura lokalean parte hartzera. Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak ezarritako programen ildoei jarraiki, ikasturte bakoitzean jarduera egitarau bat antolatuko dute. Bidenabar, kirol-elarteekiko lankidetza erraztu beharko dute, haurren kirol jarduna eskola orduetan zein kanpoan bultzatzeko. 

Udalak, berriz, konpromisoa hartzen du ikastetxeko kudeaketarako egitura lokal bat sortzeko. Horrez gain, egitura horren sorkuntza, garapena eta finkatzea gainbegiratuko ditu. Halaber, programa garatu ahal izateko, udalaren kirol instalazioak erabili ahalko dira.

Hitzarmen horien bitartez, ikastetxeetan kirolean jarduteko egitura garrantzitsu bati eustea bermatzen da, ikastetxe bakoitzeko kirol-teknikariekin lan egingo duen koordinatzaile baten bitartez.