Lasarte-Oriako historian murgiltzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 28a, 14:15

Duela 9 urte argitaratutako 'Retazos' liburuak badu jarraipena. Jose Luis Navarrok artxibo eta hainbat liburuetan Lasarte-Oriari buruz aurkitutako XX. mendera arteko dokumentuak bildu ditu 'Retazos II' liburuan.

Atzo arratsaldean, Jose Luis Navarro herritarrak idatzitako liburu berria aurkeztu zen, 'Retazos II. Aproximación a la vida de Lasarte hasta el siglo XX'. Lasarte-Oriako Udalak argitaratzen duen egilearen laugarren liburua dugu hau.

Liburuaren aurkezpenean, Jesus Zaballos alkatea, udal ordezkariak, Jose Luis Navarro idazlea, bere familia eta hainbat herritar bildu ziren.

Lehenik, alkateak eskerrak eman zizkion Navarrori Lasarte-Oriaren historia azaleratzen laguntzeagatik eta artxibo lan izugarria egiteagatik. Izan ere, “nondik gatozen jakitea garrantzitsua da”.

“Nahiz eta Lasarte-Oria udalerri gaztea izan, 30 urte bete ditu aurten, gure historia zaharragoa da. Antxon Agirre Sorondoren hitz batzuk hartuaz, Lasarte-Oriak 20 urte baina mende gehiago ditu”, aipatu zuen.

Honetaz gain, liburuan dauden hainbat pasadizo azaldu zituen alkateak, horien artean, 1683an San Pedro jaiak ospatzen zirela edo Lasarte-Oria Gipuzkoan aitzindari izan zela telefono-linea izaten, “Brunet enpresak bulegoetatik Oriako fabrikara jarritakoa”.

Datu ezezagunak

Jose Luis Navarrok hartu zuen hitza ostean. 'Retazos' egin eta gero XX. mendea baino lehenagoko Lasarte-Oriari buruzko zerbait egiteko gogoa zuela azpimarratu zuen.

Horretarako, besteak beste, Hernaniko eta Lasarte-Oriako artxiboetan, interneten, hemeroteketan, Manuel Lekuonaren edo Luis de Murugarrenen testuetan murgildu zen eta Ramon Lopezen laguntza izan zuen horretarako.

Navarrok idatzitako laugarren liburu honetan, mende ezberdinetako pasadizo ugari aurkezten ditu. “Herritarrek ezagutzen ez dituzten datuak eskaini nahi nituen edo nahiz eta istorioak ezagutu, hauekin lotutako kontu ezezagunak”.

Idazleak berak azaldu modura, hamazazpi kapitulutan banatu du lana. Lasarte eta Okendo familiak, Lasarteko parrokia, olak eta errotak, industrializazioa, epidemiak, gudak, jaiak edo bestelako gertakizunei buruzko idatziak irakurri ahal dira honetan.

Azkenik, liburuaren eskertzetan, bere emaztea eta lasarteoriatarrak daudela jakitera eman zuen. “Nire emazteak Lasarte-Oriari dion maitasuna niri transmititu didalako eta lasarteoriatarrei nire bizitzako etapa garrantzitsua direlako”. 

Amaitzean, herritarrek galderak egiteko tartea izan zuten.