Ekintzaz beteriko Euskararen Maratoia

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 21a

Lasarte-Orian euskara izango da protagonista asteburu honetan. Euskararen 9. Maratoiak Okendo plaza eta herritarrak jai giroan murgilduko ditu. Antzerkiak, dantzak, arropa desfileak, musika emanaldiak... denetarik izango da oholtza nagusian. Oholtza txikian, berriz, 40 egunetako erronkaren inguruko ekintzak egingo dira. Hainbat ekitaldietan plaza bor-bor egotea espero dute antolatzaileek.

Euskararen 9. Maratoia ekintzaz lepo dator.Lehengo astean argitaratu genuen Txintxarri berezian hainbat ekintza, berrikuntza edo ekimen nabarmendu genituen, baina badira beste batzuk ere.

Kultura Hiriburutza
Larunbatean, bazkalorduan, Lasarte-Oria Munduko Kultura hiriburu izendatuko dute eta horretarako nazioarteko gonbidatu bereziak izango dira Okendo plazan.
Zortzikoteak ongi etorri  eta aurkezpen ofizialak egin ostean, hiriburutzari hasiera emango zaio. 

Ohorezko lekuan paella gozoa dastatuko dute gonbidatuek eta bazkal ostean, antolatzaileek aurreratu dutenez, ekintza bereziak egingo dituzte zortzikoteko kideek gidatuta.

Haur bataioa
Eta ongi etorriekin jarraituz, igande arratsaldean, lau urte hauetan jaio diren haurrek harrera beroa izango dute. Jaiotako urtearen araberako, lau talde ezberdinetan banaturik ‘Xalala Riki Riki’, ‘Han zeunden’, ‘Tope Tomatxa’ edo ‘Txiki-txikia’ dantzatuko dute etxeko txiki eta haien guraso eta familiek. Porrotx pailazo bihurria eta zortzikoteko kideak lagun izango dituzte oholtzara igotzen diren lagunek.
Amaieran, Okendo plazara hurbiltzen diren laguntxoei oroigarri berezi bat emango zaie. Horregatik, antolakuntzak urte hauetan guztietan jaio diren haur eta gurasoei plazara hurbildu eta dantzekin gorputza mugitzera gonbidatzen ditu.

EuskOskar gaua
Igande afalostean, EuskOskarren gaua berezia izango da. Donostiako Zinemaldian lez, glamourrez beteko da Okendo plaza. Zortzikoteak Lasarte-Orian euskararen alde egindako lanarengatik hainbat elkarte edo eragileri Oskar sariak eskainiko dizkie. Sari-banaketa ekitaldi berezi honetan ezusteko ugari  eta umorea nagusi izango direla aurreratu dute antolatzaileek. Esate baterako, hautagai eta irabazleak igandera arte, giltzapean egongo diren gutun-azal batzuetan dituzte idatziak. Nortzuk izango ote dira?

Erronkan izen-ematea
Ekitaldiez gain, aurten I-gunea izango da Okendo plazan. Euskararen 9. Maratoi honetako eta, batez ere, igandean arratsaldean hasiko den 40 eguneko erronkaren informazioa eskuratzeko puntua izango da honakoa.

Azalean azaldu moduan, oraindik erronkan izena eman ez duten herritarrek bertan izango dute Ahobizi edo Belarriprest izateko aukera. 

Materiala eta otorduetako txartelak
Baina informazioa edo izena emateaz gain, bertan Euskararen 9. Maratoiko kamisetak, kirol-jertseak eta poltsak eskuragarri izango dira. Haurren kamisetek 10 euro balio dituzte, helduen kamisetek 12 euro, kirol-jertseek 20 euro eta poltsek 6 euro.

Era berean, azken orduan otorduren batera joatea erabakitzen duten herritarrek I-gunean bertan erosi ahalko dituzte txartelak. Paella, sorgin afaria, babarrunak bere sakramentu guztiekin edo txekor errea... ederki gozatuko dute Okendo plazan bazkaldu edo afaltzen duten herritarrek.

Umeen paella-janeko tiketak 3 euro balio dituzte, helduen menua berriz, 8 euro dira. Sorgin Afariko txartelek 20 euroko kostua dute. Babarrun janak 8 euro balio ditu eta txekor erreak, aldiz, 10 euro.

Herritarren parte hartzea
Lasarte-Oriako herritarrek Euskararen Maratoian era askotara parte hartuko dute. Okendo plaza jendez beteko da. Baina Euskararen Maratoiko antolatzaileek sare sozialetan ere plazako jai giroaren isla egon dadila nahi dute. Horregatik, herritarrei Maratoiko ekintzetan ateratako argazkiak partekatzeko deia egiten diete. Horretarako, twitterrean #40ordu hastag-a erabiltzeko eskatu dute antolatzaileek.Gainera, @EusMaratoia itsatsiz gero, Euskararen Maratoiko twitter kontuan ere argitaratuko dira mezu eta argazkiak.

Euskararen 9. Maratoia facebook orrialdea argazkiz betetzeko, berriz, @EusMaratoia erabiltzeko eskaera egin dute.

Jarraipen berezia
Bestalde, Txintxarri aldizkariak asteburuko ekintzen jarraipen berezia egingo du. Euskararen 9. Maratoiko hasiera ekitaldia, larunbata 8:00etan, eta amaiera ekitaldia, 21:45etik aurrera, etxetik streaming bidez ikusteko aukera izango dute plazara hurbildu ezin direnek. Honez gain, ekintzen argazki eta bideoak asteburuan zehar izango dira herritarren eskura txintxarri.eus orrialdean. 

Eta astelehenean Euskararen 9. Maratoiko errepasoa eginez zenbaki berezia izango da lasarteoriatarren postontzietan.