Hasi da Euskararen 9. Maratoia!

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urr. 22a, 11:00

Udaletxe zaharraren aurrean lehertu da festa, eta hasi da Euskararen 9. Maratoia. Erlojua martxan dago, eta etenik gabe euskaraz gozatzeari ekin dio herriak, 40 orduz. Zortzikoteko kideek txupina bota, kalejira egin Okendora eta plazan hasiera ekitaldia egin dute agintari eta elkarteetako ordezkariekin. Goizean zehar hainbat ekintza burutuko dira plazan.

Energiaz eta ilusioz gainezka ekin dio herriak Euskararen 9. Maratoiari. Ez da gutxiagorako, lau urtean behin ospatzen den euskararen festa erraldoia da eta. Eta jakina, zortzikoteko kideak izan dira gogo horien adibide: Joxe Mari Agirretxe, Agus Mujika, Estitxu Garmendia, Rebeka Garzes, Mikel Izquierdo, Joxe Mari Azkonobieta, Enara Ieregi eta Oihana Fu Otaegi goiz-goizetik hasi dira herria esnatu eta mugitzen.

Ezer baino lehen, txupina bota dute zortzikoteko kideek. Bakoitzak suziri bana jaurti du Lasarte-Oriako zerura. Hori eta gero, denak kalejiran joan dira Okendorantz, udaletxeko ordezkariak, elkarteko eragileak eta hainbat herritar lagun. Behin plazara iritsita, hasiera ekitaldi formala egin dute, oholtzara igota. Jesus Zaballos alkateak eta Ttakun KEko lehendakari Tomas Arrizabalagak hartu dute hitza. Hori baino lehen, Erketz EDTko kideek agurra dantzatu dute, eta txalaparta emanaldia ere izan da. Udal ordezkariek 9. Maratoiari hasiera eman dion zinta moztu dute, eta Rebeka Garzes zortzikoteko kideak bandoa irakurri du.

Goizeko ekintzak

Dagoeneko lehertu da festa, eta herritarrek 40 ordu dituzte aurretik euskaraz gozatzeko. Goizean zehar hainbat ekintza burutuko dira plazan: herriko kaleetan zehar diana egiten ari dira honezkero, eta 9:10ean Iñigo Artolaren txanda izango da. Hamar minutu beranduago Lasarte-Oriako toponimia erakusketa aurkeztuko dute, eta 9:30ean Biyak Bat adinekoen elkarteko kideek gimnastika erakustaldia egingo dute. 9:45ean txokolate jana egingo da, eta 'Zein infusio komeni zaizu zuri?' ekitalditxoa. 10:10ean, berriz, haurren olinpiadak eta ikastetxeetako irakasle eta gaztetxoen emanaldiak hasiko dira.

Hasiera ekitaldiaren argazki-galeria