Bigarren garaipena jarraian

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 14a

ISU Leihoaken kontrako derbiko porrota berehala ahaztu du Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek; jokatu dituen ligako beste bi neurketak irabazi ditu. Azkena, Inter Eder taldearen aurka, iragan larunbatean: 3-2 irabazi zuten Edu Menarenek.

Gipuzkoako 1go mailari ederki hartu dio neurria Cecilia Kebab Lasarte Ostadarrek. Aurreneko jardunaldian 1-5 galdu zuten ISU Leihoak taldearen aurka, herriko derbian. Dena den, argi utzi dute honezkero ahaztua dutela norgehiagoka hori, hurrengo biak irabazi egin baitituzte: 3-5 Bilkoin Legorretaren kantxan, eta 3-2 Intxaurrondoko Interri, Kiroldegian, iragan astean.

Lehenengo zatia benetan parekatua izan zen. Dena den, Edu Menak zuzendutako taldearenak izan ziren aukera garbienak. Horietako bi alferrik galdu ostean, 1-0ekoa ezarri zuen markagailuan Mikel Jimenezek, atezainaren aurrean bakarrik geratu eta baloia sareetara bidalita. Atsedenaldira iristeko zazpi minutu falta zirela, gola sartzeko zorian egon zen Ostadar, baina kontraerasoan Interrek banakoa eskuratu zuen.

Bigarren zatian maldan gora jarri zitzaion neurketa etxeko taldeari. Hasi eta segituan, jokalari eta atezainaren gaizki ulertu bat baliatu zuen Interrek 1-2koa sartzeko. Edu Menarenek ez zuten etsi, ordea. Oscar Garciak hasitako bi jokaldiri esker hiru puntuak poltsikoratu zituzten urdin-beltzek: 2-2koan, Iñaki Franciscorekin bat-biko eder bat egin eta azken horrek gola sartu zuen. 3-2ko jokaldian, berriz, Urtzi Azpirozi eman zion pase erabakigarria. Emaitza horrekin, seigarren postuan dira, beste hainbeste punturekin.

ISU Leihoaken berdinketa

Cecilia Ostadarrek bi garaipen jarraian, eta ISU Leihoakek berriz, bi berdinketa.

Eneko Molinaren taldeak Hirukideren aurka jokatu zuen ostiralean, Tolosan. Izerdi ugari isuri behar izan zuen herriko taldeak, markagailuan 3-0 joan zirelako atzetik. Alfonso Molinerok eta Joseba Rekondok (2) sartu zituzten golak. 7. postuan dago taldea orain, bost punturekin.

3. Nazionaleko Ostadar Antonio Aroztegiak, berriz, atseden hartu zuen. 

Herriko txapelketa

Hauek dira 3. jardunaldiko emaitzak: Indaux 2-15 Kebab Taberna; Reformas Lagunak 2-6 Ibaros Latino; Urdaneta HK 4-2 Viña del Mar; Kattagorri Insausti 7-0 Txoko Taberna; Aita Amari Taberna 5-3 Also Taberna; eta Izkiña 0-2 Trumoi.