Buruntzaldeako herritarrek aurten ere eremuko bidezidor eta bide ezberdinez gozatzeko aukera izango dute urriaren 23an, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Atzo goizeko aurkezpenean Jesus Zaballos alkateak azpimarratu legez, “Lasarte-Orian Ibilbideen egunak Euskararen Maratoiarekin bat egingo du. Hala ere, Lasarte-Oriako eta beste udalerrietako herritarren parte hartzea handia izatea espero dugu”.
Jarraian, Karlos Altuna Kirol teknikariak Ibilbideen eguneko nondik norakoak azaldu zituen.
Herri bakoitzean, kontrola izango da, Lasarte-Orian Elizatze plazan. Bertan, argibideak eman, txartelak banatu, zigilua jarri eta fruta banatuko da.
Ibilbideetan seinaleak eta panelak daudela azpimarratu zuen Altunak eta herri bakoitzak bere kolorea du: Lasarte-Oria urre zaharra; Urnieta, berdea; Usurbil, laranja eta Andoain, urdina.
Aurreko urteetan lez, bi ibilbide eginez gero, oparia izango da, kantinplora bat. Andoain-Usurbil eta Andoain-Lasarte-Oria egiten duenek ez ezik, hauek zuzenean lortuko dute oparia.
Autobus ere izango da 12:00etatik aurrera. Aginagan Mapiletik atera eta herri ezberdinetatik pasako da. Lasarte-Oriako Tajamar biribilgunean 12:15ean, 13:15ean eta 14:15ean izango da. Azken autobusa Urnietara iritsiko da 14:40ean.
Informazio guztia buruntzaldea.eus orrialdean aurkitu daiteke.
Ibilbideak mugikorrean
Eta aurten, berrikuntza modura, mugikorrean edo eskuan ere eraman ahalko dira ibilbide ezberdinak.
Rafa Cabanillasi esker, informazioa pdf moduan inprimatzeko, gpsan txertatzeko edo app moduan eskuratzeko aukera egongo da.
Cabanillasek azaldu modura ibilbide liburuetan oinarritua da guztia disenatzeko. Bideez gain, herri ezberdinetako interes guneak ere agertzen dira.
Hau guztia ibilbideen gunean egongo da gaurtik aurrera.
“Informazio hau bide hauetan zehar ibili ohi ez denarentzat edo kanpoko jendearentzat oso onuragarri da,” azpimarratu zuen Karlos Altunak.
Ostadar deialdia
Udalak eta hainbat eragile eta erakundez aparte, herrietako mendi elkarteek ere parte hartzen dute ekimenaren antolakuntzan. Lasarte-Oriaren kasuan, Ostadar SKT.
Taldeak Lasarte-Oria-Buruntza-San Roke-Andoain ibilbidea egingo du. Hitzordua 9:30ean, Lasarte-Oriako irteera gunean da. Herritarrak gonbidatzen dituzte honetan parte hartzera.