Euskal Autonomi Erkidegoan eta Lasarte-Orian Beldur Barik lehiaketa martxan da. Gure herrian antolatzen den hirugarren aldia da aurtengoa.
Lehiaketa honen bitartez, emakumeek jasaten duten bereizkeria-egoerari aurre egiten dioten neska-mutilen arte-adierazpen mota oro onartu, baloratu eta bultzatuko da.
Baldintzak
Bi lehiaketen arauak berdinak dira.
Lehiaketara 12 urtetik 26 urtera bitarteko gazteak aurkeztu ahalko dira, baina Lasarte-Oriako sarietarako Lasarte-Orian erroldatutakoak baino ez dira kontuan hartuko.
Adierazpen artistiko mota oro onartuko da, baldin eta ikus-entzunezko formatuan aurkezten bada: flashmob, kamera aurrean errezitatutako poemak edo irakurritako gogoeta-testuak, argazkiak, argazki-muntaiak, fotonobelak, lipdubak, dantza, film laburrak, animazio proiektuak, proiektuak edo artelanak bideoan aurkeztea, performanceak eta kaleko esku hartzeak, etab.
Parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute. Emakumeen aurkako indarkeria mota guztiak gainditzeko, eta harreman libre, errespetuzko, parekide, dibertso eta ez sexistak eraikitzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa erakutsi behar dute.
Antolatzaileek azpimarratzen dutenez, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, nesken ahalduntzetik gogoetak eta eztabaidak sortzeko gaitasuna, eta mutilen matxismoaren aurkako konpromisoa.
Lanak azaroren 9a baino lehen aurkeztu behar dira.
Sariak
Lasarte-Oriako sariak azaroaren 23an banatuko dira, Manuel Lekuona kultur etxeko auditorioan, 19:00etan.
1. kategoriako lehen bi sarituek, 12–17 urte arteko maila, 300 euro eta 150 euro eskuratuko dituzte.
18 eta 26 urte arteko sarituen kasuan, lehenak 300 euro jasoko ditu eta bigarrenak, aldiz, 150 euro.
Bestalde, azaroaren 26an, Bizkaiko Urduliz udalerrian ospatuko den Beldur Barik topaketan lehiaketa orokorraren sarien epaia emango da.
Lehen mailako eta bigarren mailako irabazleek 500 euro eskuratuko ditu. Aipamena lortzen duten lanek berriz, 300 euro.
Ikus-entzunezko ekoizpen onenak 300 euroko saria eta lanaren hedapena egingo da jaialdi desberdinetan.
Herriaren saria lortzen duen lanak 300 euro jasoko ditu.
Izen-ematea
Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten pertsonek www.beldurbarik.org webgunean dagoen formularioa osorik bete beharko dute. Formularioa bete eta bidali ondoren, erantzun automatikoa jasoko dute, antolatzaileek jaso dutela baieztatuz.
Hala ere, antolatzaileek ohartarazi dutenez, lehiaketan parte hartzeko betekizun guztiak betetzen direla egiaztatu arte ez da lana Beldur Barik webgunean eta sare sozialetan erakutsiko.
Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarri guztiak 943 363 958 telefonoan edo emakumezentroa@lasarte-oria.org helbidean eskuratu daitezke, baita Beldur Barik webgunean ere.