Azken hondarrean garaipena berriro ere

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 4a

Babyauto Zarautz taldeak denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuen iragan asteburuan, Vigoren kontra: 17-18. Beste behin ere azken hondarrean poltsikoratu zituen puntuak Phil Huxford eta Facundo Oriveren taldeak. Lau herritar aritu ziren neurketa horretan: Ander eta Xabier Rekondo anaiak, David Vega eta Julen Aristorena.

Inork ezin du esan Babyauto Zarautzek jokatzen dituen norgehiagokak emozionanteak ez direnik. Aurreko jardunaldian Oviedoren kontra egin bezala, gorri-beltzek azken hondarrean eskuratu zuten garaipena Vigoren zelaian: 17-18. Gauzak horrela, hiru norgehiagokatik bi irabazi dituzte Phil Huxford eta Facundo Orivek entrenatutako jokalariek.

Orain arteko neurketetan bezala, lau lasarteoriatar aritu ziren neurketa horretan: Ander eta Xabier Rekondo anaiak, David Vega (hiru horiek hasieratik) eta Julen Aristorena (bigarren zatian zelairatu zen). Ligako hiru neurketetan rol berbera bete dute lau gazteek.

Corey Simpson berriro ere

Vigok oso garesti saldu zuen larunbateko porrota. Falemaka Tatafuk jokalari bikaina dela erakutsi zuen beste behin, eta bi entsegu eginez, etxeko taldeak aurrea hartu zuen markagailuan, 17-15. 

Babyauto Zarautzek, ordea, bere armak ere baditu. Horietako bat, Corey Simpson: azken minutuan erdietsitako transformazio bati esker, puntuak Zarautz aldera joan ziren beste behin. Horrez gain, nabarmendu behar da zarauztarren plantilla oso gaztea dela aurten: 20 urte edo gutxiagoko sei jokalari aritu ziren Vigoren aurka.