Urriaren 15ean, Donostiara

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 5a

Euskal presoen eta euren senideen eskubideen alde lanean jarraitzen du Sarek. Tartean, presoek osasun arreta egoki bat jasotzearen alde. Agerraldia egin zuen Lasarte-Oriako Sarek asteartean, eta osasun langileek idatzitako manifestu bat plazaratu. Azarorako ekintzen eta Ibon Fernandez Iradiren egoeraren berri ere eman zuten.

Iraila hastearekin bat, aktibazio ziklo berri batean ari da lanean Sare: 'Salatzen Dut' du izena. Laburki esanda, gizarte zibilari, alderdi politikoei eta euskal erakundeei inplikazio eta konpromiso handiagoa eskatzen zaie, euskal preso eta euren senideen eskubideak errespetaraztea helburutzat hartuz.

Eskubide horietako bat da presoek osasun arreta egoki eta duina jasotzea. Gai hori ardatz hartuz, Lasarte-Oriako Sarek agerraldia egin zuen astearte arratsaldean, osasun zentroaren aurrean. Hainbat kontu izan zituen hizpide. Batetik, deia egin zuen urriaren 15ean Donostian egingo den manifestazio nazionalean parte hartzera. Bulebarretik abiatuko da, 17:00etan. Bertan, eritasun larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal presoen etxeratzea eskatuko dute, besteak beste. Sareko kideek jakinarazi zuten gaur arratsaldean deialdi-kartelak itsatsiko dituztela herrian: hitzordua Xirimirin jarri dute, 17:30ean. Ekimenaren berri ahoz aho, sare sozial zein whatsapp bidez emateko ere eskatu zuten. 

Agerraldia osasun etxearen aurrean egitea ez zen kasualitatea izan: “Donostiako, Lasarte-Oriako eta kasuan kasuko” osasun langileek idatzitako manifestu bat plazaratu zuten baita ere.

Legedia eta errealitatea

“Osasungintzan gabiltzan langileok ohartarazi nahi dugu arlo horretan euskal presoekin ematen diren urraketei buruz; bereziki, larriki gaixo daudenei buruz”. Horrela hasten da manifestua. Adibide zehatzak testura ekarri aurretik, ordea, OME Osasunaren Munduko Erakundeak osasuna nola definitzen duen aipatzen da, eta espainiar legedia aztertu.

“Araudiak esaten du presoen bizitza, osasuna eta osotasuna zaindu behar dituztela presondegiek; dio preso guztiek, salbuespenik gabe, gainontzeko herritarrak bezala izango direla artatuak, eta, areago, larriki gaixo dauden presoei baldintzapeko askatasuna eman ahal zaiela, egokiro artatuak izan daitezen”, nabarmentzen dute.

Errealitatean, ordea, legedian jasotako zehaztapenak ez dira betetzen, osasun langileek manifestuan jasotzen dutenez: “Eritasun larri eta sendaezinak dituzten hamar euskal preso daude Espainia eta Frantziako espetxeetan: esklerosi anizkoitza, nahasketa psikotikoak, kardiopatia iskemikoak, eta abar. Kartzelek oso espazio murritzak dituzte osasun artak emateko, eta, gainera, segurtasun arrazoiek erabateko lehentasuna dute tratamenduen gainetik: espetxeko medikuaren kontsultan kartzelaria egotean dago aginduta, sendagile eta artatuaren arteko konfidentzialtasun printzipio deontologikoa urratuz”. 

Hainbat eskaera ere egiten dituzte: “Osasun langile garen aldetik, askotan ikusi dugu presoen artarako ospitaletako protokoloa ez betetzea. Aipatu errealitateek kezkatzen gaituzte; eskatzen dugu presoek pairatzen dituzten salbuespen egoerekin bukatu eta legediak dioena betetzea. Era berean, deia luzatzen dugu urriaren 15eko manifestaziora joateko”.

Ibon Fernandez Iradiren egoera

Larriki gaixo dauden hamar euskal presoetako bat da Ibon Fernandez Iradi herritarra. Esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten orain dela zenbait urte, baina ez lehenengo sintomak jasaten hasi eta segituan: urtebete itxaron behar izan zuen ospitale batean artatua izateko. "Familiak errekurtsoa jarri zuelako gertatu zen hori, ez kartzelako agintarien borondatez", azpimarratu zuten Sareko kideek. 

Gaur egunera arte hiru epaiketa egin dira haren kasua aztertu eta kalean beharko lukeen ala ez erabakitzeko. Lehenengo bietan, Sareko kideek zehaztu zutenez, “medikuntzan adituak” ziren tribunalek ebatzi zuten Ibonek espetxetik at behar zuela, kartzelean ez zeudelako baldintza nahikoak eritasun hori behar bezala tratatzeko.

Espainiar estatuak errekurtsoak jarri zizkien ebazpenei, eta hirugarren epaiketa egin zuten. Orduko horretan, beste tribunal batek ebatzi zuen herritarrak ez zuela zertan kartzelatik irten, bertan tratamendu egoki bat egin zitekeelako. Errekurtsoa jarri zitzaion epai horri, eta Frantziako Auzitegi Gorenak onartu egin zuen.

Hortaz, laugarren epaiketa bat ere egingo dute, azaroaren 24an, tribunal berri batekin. Bertan ebatziko da Ibon kalera aterako den edo espetxean jarraitu beharko duen.

“Urriaren 15eko manifestazioa eta gero, Ibonen egoera lehen mailan jarriko dugu”, adierazi zuten herriko Sareko kideek. Mahai-inguru bat egin nahi dute azaro hasieran, Ibonen abokatu eta zenbait osasun aditurekin (zehazteke daude oraindik data zehatza eta lekua). Eta, azaroaren 11n, eskualde mailako ekimena.

Azaroaren 19ko manifestazio nazionalera joateko deia ere egin zuten; Baionan egingo da. Lasarte-Oriatik joateko autobusak jarriko dira.