Emakumeei erasoak festetan

Mailu Arruti 2016ko urr. 6a, 11:02

Uda hondar honetan haize hegoak hostoak ihartu eta lehortzen hasi diren garaian, udari errepasotxoa egitera nator.

Uda normal joan dela esan nahi nuke baina ezer berezirik izan bada emakumeen aurkako indarkeria ikusi dugula esango dut gure lurraldeko festetan.

Garai batean beste mota batetako indarkeriaz babesten ginen gazteak. Eta orain ikusi dut txoznetan puntu moreak jarri dituztela, etxera laguntze antolatuak... benetan garai zaharrak dakarzkit gogora. Tristea. Benetan tristea.

Udako festetako programetan banderen gerratik eratorritako ikurriñaren defentsa egiteko manifak, presoen dispertsioaren aurkakoak eta tokian tokiko errebindikazioen artean orain genero indarkeriaren aurkako antolamenduak ikusi ditugu.

2016ko uda emakumeen aurkako indarkeriaren uda bezala gogoratua izango da. Ez lehenago izan ez delako,  beti izan baita. Baina bistaratu egin da nonbait. 

Pintadak ere ikusi ditugu: ”ETXERAKOAN EZ DUT AUSART IZAN NAHI, LIBRE BAIZIK”; “KALEA ETA GAUA GUREAK DIRA” 

Gizonek bortxa ez dezaten irakatsi beharrean emakumeak bortxatuak izan ez daitezen irakasten duen gizarte batean bizi gara. 

Denon gogoan Iruñan gertatua eta herriak emandako erantzuna.

Arazo hau denona da. Gizon, emakume, gazte, zahar, aberats, pobre, hango eta hemengo....

Denok beraz jarri behar dugu guretik konponbidea aurkitzeko. Gerta ez dadin neurriak jarri. Tamalez, gertatzen bada, salatu. Poliziari, epaileei dei berezia: Sentsibilitate gorena asunto hauetan.

Matxismoak hil egiten du. 

Lehen munduko, gizarte zibilizatu, demokratiko, teorian behintzat gero eta gehiago, berdintasunean hezitako, gizarte honetan, zer gertatzen ari da?

Zergatik gara gizonentzat mehatxua eta ez maila bereko gizakiak?