Euskaraz ederki gozatzen

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 6a

Lasarte-Oriako LH3 eta DBH4 maila bitarteko gaztetxoek ikasturte honetan ere ostiralero euskaraz lagunekin jarduteko aukera izango dute. Urriaren 14etik aurrera, Gaztekluba eta Kuadrillategi egitasmoen lehen saioa izango da. Baina ostiralero biltzeaz gain, ekintza bereziak ere izango dituzte ikasturtean zehar.

Gaur egun Lasarte-Oriako gaztetxoek lagun artean gaztelerara jotzeko ohitura dute. Joera hori aldatzeko Ttakun Kultur elkarteak Gaztekluba eta Kuadrillategi egitasmoak ditu martxan ikasturtean zehar. Hauei esker, urtero gazteek milaka ekintzez eta euskaraz gozatzeko aukera dute.

Gaztekluba
LH3 eta 6 mailan dauden gaztetxoek Gaztekluba programa dute eskura.

Tailerrak, jokoak, lehiaketak... ostiralero ekintza ezberdin bat eramango dute aurrera.

Bi taldeetan lanean

Gazteklubeko arduradunek azaldu dutenez, bi talde bereiziko dituzte. 2008 eta 2007 urteetan jaiotako haurrak talde bat osatuko dute eta 2005 urtean jaiotakoak bestea.

Arduradunek oraindik ez dituzte taldeak bilduko diren lekuak zehaztu, baina hurrengo astean zehar helaraziko diete izena ematen duten gaztetxoei. Orduari dagokionez, saioak 17:30ean hasiko dira.

Gazteburuak

Honetaz gain, hamabost egunero Gazteburuetan ere parte hartu ahalko dute.

Larunbat arratsaldeetan edo egun osoz ekintza bereziak antolatuko dira, hala nola, irteerak, film ikustaldiak... Gazteek ez dute aspertzeko astirik izango.

Izen-ematea

Lehen hitzordua urriaren 14an, arratsaldeko 17:30ean izango da. Saio guztiak ordu horretan hasiko dira.

Parte hartu nahi duten gaztetxoek hurrengo astean zehar Ttakuneko bulegoan edo Gazteklubeko lehen egunean bertan egin dezakete izen-ematea.

Kuadrillategi

Helduagoek ere lagunekin euskaraz harremanak sendotu eta ongi pasatzeko tartea izango dute, Kuadrillategi egitasmoari esker. 

DBH1-4 mailako gazteek ere ostiralero hamaika ekintzatan parte hartu ahalko dute. 

Urtean zehar gainera herriko jaiekin lotutako ekintza bereziak ere landuko dituzte. Irteerak ere ez dira faltako, hala nola, eski irteera edo Arcachoneko ur parkera irteera. 

Eta beste herrietako Kuadrillategi taldeekin batera KTG eguna eta KTG asteburua ere ospatuko dituzte.

Lehen saioa

Arduradunek azaldu dutenez, Kuadrillategiko lehen egunean, urriaren 14an, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara talde guztietako gazteek elkarrekin ekintza bat burutuko dute. Lekua zehazteke dago.

Egun honetan izan ezik, beste saio guztietan bakoitzak bere espazioa izango du. “Taldeetako kideen kopuruen arabera zehaztuko da non izango diren saioak”. 

Izena emateko epea gaur amaitzen da. Izen-emate orria Ttakuneko bulegoan bete edo bertara eraman behar da.

Kuadrillategi eta Gaztekluba egitasmoetako arduradunek herriko gaztetxoei gonbita egiten diete lehen egunean hurbildu eta proba egitera.