Amaitu dira Nagusien Omenaldi asteko ospakizunak

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 9a

Herriko adindunek, askotariko ekintzetan parte hartu dute Nagusien Omenaldi asteak iraun dituen zazpi egunetan. Asteburu honetan ere, izan dute zer egin eta non gozatua.

Amaitu da aurtengo Nagusien Omenaldi Astea, Lasarte-Orian. Giro on eta atseginean igaro dituzte herriko adinduek astebetean egindako ospakizunak eta ekintzak. Asteburu honetan ere, ekintza ugari izan dituzte euren gozamenerako.

Ostegun arratsaldean, dantza txapelketa antolatu zuten Biyak Bat biltokian. Guztira zortzi bikote aritu ziren dantzan bi txanda ezberdinetan, eta bi bikote suertatu ziren garaile; Carmen Casal eta Caridad Regatosek osatutako bikotea izan zen txapelduna eta Pili Benito eta Rosa Patiñok osatutakoa berriz txapeldun orde.

Ostiralean, goizean-goiz eman zioten hasiera egunari. 09:30etan, ibilbide neurtua egin zuten, Okendo Plazan hasita. Bertatik irten, Oria auzoraino iritsi eta berriz ere hasierako puntura bueltatu behar izan zuten parte-hartzaileek. Ibilaldiaren ostean, mokadutxo bat eta domina bat eman zizkieten eta jarraian, sari banaketa egin zuten. Ibilbidean zehar, bikote bakoitzak egindako denbora kontuan hartuaz, oraingoan ere bi sari nagusi banatu ziren. Pili Benito eta Rosa Patiño izan ziren ibilbidea egiteko denbora gutxien behar izan zutenak eta ondorioz, txapeldunak. Bigarren azkarrenak aldiz, txapeldun ordeak, Maria Teresa Iturrioz eta Ascension Etxezarreta izan ziren. Lau parte hartzaileek, oroigarriak jaso zituzten udaleko eta adinduen egoitzako kideen eskutik.

Iluntzean, 'Elvi sabeliztuna' ikuskizun umoretsua izan zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean.

Ospakizunen azken eguna, atzo

Atzo izan zen omenaldi astearen azken eguna eta egitarau zabalari amaiera emateko ekintza ugari izan zituzten egunean zehar. Goizean,Ttirriki Ttarrakako trikitilariek lagundutako kalejiran joan ziren Biyak Bat egoitzatik Brigitarren Komentura. Bertan, egoitzako koruak girotutako meza izan zen eta hamaiketako gero, komentu kanpoaldean. Ondoren, urrezko ezteiak ospatzen dituzten 27 bikoteei oroigarriak banatu zitzaizkien Biyak Bat Elkartean eta jarraian, bazkari eder bat egin zuten Abend tabernan. Ospakizunen egitarau zabalari amaiera emateko, dantzaldia izan zuten leku berdinean.

Ilusio eta giro bikainean igari dituzte zazpi egunak Lasarte-Oriako adindunek. 

 

Asteburuko ekintzetan bildutako argazkiak