Liher Unanue eta Iker Ortega Sortuko kideak: “Proiektu sinesgarri eta herritar bat nahi dugu”

maider-azurmendi 2016ko urr. 9a, 14:47
Herrian hiru batzar egingo dira, urriaren 19an lehenengoa eta azaroaren 16an eta urtarrilaren 18an besteak. Hala ere, horietan parte hartzeko aurrez izena eman behar da eta urriaren 19tik azaroaren 23ra bitartean, asteazkenero, arratsaldeko 19:00etatik 20:00ak arte, Xirimiri Elkartean aukera izango da tramite hori egiteko.

Liher Unanue eta Iker Ortega herritarrek Sortu alderdiaren birfundazio prozesua gidatuko dute herrian, beste kide batzuekin batera. Ezker abertzaleak datozen hilabeteetan bere militanteekin dituen helburuak lortu ahal izateko tresna eta estrategia eraginkorrak adostu nahi ditu.

2012ko ekainean jaio zen Sortu. Alderdi ‘gaztea’ dela esan daiteke. Lau-bost urteren buruan, zergatik behar da birfundatu?

Egia da alderdi nahiko berria dela baina sustrai zaharrak dituen zuhaitza da Sortu. Hau ez da ezer ezetik eta espontaneoki sorturiko zerbait. Ilegalizazio urte luzeen ondoren ezker abertzaleak alderdi politiko berria eratu zuen duela ia lau urte. Momentu jakin hartan eta behar zehatz batzuei erantzunez egituratu ginen eta hainbat lehentasun ezarri ere bai. 

Gaur egun erronka berriak ikusten ditugu eta antolaketa mailan aldaketak ere ezinbestekoak direla iruditzen zaigu. Honen guztiaren ondorioz Sortu birpentsatu, birrasmatu eta etorkizunerako proiektu sendo batean bihurtzeko unea dela iritzita alderdia birfundatzea erabaki dugu.

Nondik dator hausnarketa prozesua egiteko beharra?

Aurreko ikasturtean Abian hausnarketa prozesua egin genuen. Bertan, Sortu eratu zenetik gaurdaino eginiko bidearen azterketa eta balorazioa egin genuen eta laburtuz hiru ondoriotara iritsi ginen. 
Lehen ondorioa, beste mundu bat posible dela eta Euskal Herrian mundu hori eraiki behar dugula da. Inposaketa, uniformizazio, kapitala zein patriarkatua baztertu eta autodeterminazioa, aniztasuna, pertsonak eta feminismoaren aldeko apustua beharrezkoa dela. 

Bigarrena, independentziaren aroari ateak ireki behar dizkiogula izango litzateke. Ez dugu gure herriarentzat Madrilen eta Parisen erabakiak hartzea onartzen. Euskal Herriak bere erabakiak hartu behar ditu eta horretarako berme bakarra independentzia dela uste dugunez independentziara heltzeko bidea birdefinitu beharra dago. 

Eta hirugarrena, ezker abertzalearen kultura eta praktika politikoa berritzea beharrezkoa dela. 

Ondorio hauei beharrezko sakontasunarekin erantzuteko beharrezkotzat jo dugu birfundatzea.

Zein da prozesuaren azken helburua? 

Ezker abertzaleak dituen helburuak lortu ahal izateko tresna eta estrategia eraginkorrak adostea ezkertiar eta independentista sentitzen garen guztion artean.

Lasarte-Oriari dagokionez, gure herriaren diagnosia egin nahi dugu. Zein behar daude gure herrian? Nolako herria nahi dugu? Zer egin genezake? Herrian Sortuk bete beharreko funtzioaren inguruan hitz egin eta erabakiak hartzeko ere balio behar du birfundazioak. 

Hausnarketa kolektiboa eta militantzia eredu berriak sortzearen garrantziaz hitz egin zen Gora Herria ekimenaren aurkezpenean. Zer esan nahi du horrek?

Euskal Herrian jende aditua eta oso formatua dugu bizitzako zein gizarteko esparru ezberdinetan. Potentzialtasun horri forma ematen asmatu behar dugu, gairik gai eztabaidarako espazioak sortu behar dira. Bakoitza egunerokoan ari garen lan arlo horretatik independetziara iristeko bidea elikatu beharko genuke. 

Hau da, guztiok ontzi berean arraunean ari garela sentitu eta ulertzea ezinbestekoa da helburuetara heltzeko. Sorturen egitura eta funtzionatzeko modua errotik aldatuko dira prozesu honen amaieran.
Aldi berean “konfiantza berreskuratu, eraginkortasuna eta sinesgarritasuna” aipatu zuten. Nola berreskuratu nahi dira hauek?

Politikarekiko urruntasuna eta ezkortasuna zabalduta dago jendartean. Baina guk proiektu politiko sinesgarri eta herritar bat jarri nahi dugu mahai gainean. Azpitik eta ezkerretik, auzolanean, herritarron beharrei erantzuteko proiektu ezberdinak martxan jarriko dituena. Eta hau nola? Bada, noski, ahalik eta jende gehienaren parte hartzearekin. Argi daukagu guztion parte hartzea dela ditugun arazoei erantzun egokiak emateko biderik eraginkorrena.

Prozesu hau irekia izango da? Herritarrek parte hartu ahal izango dute? 

Prozesuaren ezaugarri nagusiak gardentasuna eta parte hartzea izango dira. Aukera berdintasunerako baldintzak jarriko dira eta erabaki guztiak modu demokratikoan hartuko dira. Prozesu honetan parte hartu nahi duen herritar ezkertiar eta independentista orok du horretarako aukera. Baldintza bakarra dago, parte hartzeko aurretiaz akreditatzea, hau da, izena ematea. Akreditazioa online, www. partehartu.sortu.eus webgunean egin daiteke, edo presentzialki bestela, urriaren 19tik azaroaren 23 bitartean, asteazkenero, arratsaldeko 19:00etatik 20:00ak arte Xirimiri Elkartean.

Behin akreditatuz gero, prozesuari buruzko informazioa jasoko da, eztabaidetan parte hartu ahalko da eta bozka eskubidea izango da, beti ere norberak nahiago duen moduan online edo presentzialki. 

Lasarte-Orian zein da egutegia?

Herrian hiru batzar aurreikusten ditugu. Lehena, datorren urriak 19an egingo dugu Xirimiri elkartean arratsaldeko 19:00etan. Bertan azalduko dira birfundazioaren nondik norakoak xehetasunez, eta ondoren, jendearen iritzi eta aportazioek ere lekua izango dute. 

Hurrengo batzarrak berriz azaroaren 16an eta urtarrilaren 18an burutuko ditugu, leku eta ordutegi berean. Gure herria ezkerretik eraiki eta independentziarako bidea egin nahi duen lasarteoriatar guztiak animatzen ditugu birfundazio prozesu honetan parte hartzera!!!