Asteazken arratsaldean aurkeztu zituzten Sasoeta auzoko jaiak. Sasoeta Sasoian auzo elkarteko kideak, urriaren 14 eta 15ean aurrera eramango diren ospakizunen nondik norakoak azaldu zituzten; udal ordezkariek ezin izan zuten agerraldian egon.
Sasoeta Sasoian auzo elkarteko Vanesa Sanzek aipatu zuenez, elkarteak auzoa dinamizatzeko aurrera eraman nahi dituen ekintzetako bat dira jaiak. “Batzorde ezberdinak sortu ditugu eta ideia ona iruditu zitzaigun jaietatik hastea. Gainera, lehen auzoan jaiak zeuden eta horiek bizi zituzten auzotarrek berreskuratzeko asmoa azaldu zuten”.
Ospakizunak auzotar, merkatari eta ostalarien laguntzaz antolatu direla azpimarratu zuen, bai dirua lortu, baita egitaraua osatzeko ere. “Bakoitzak ahal duena eman edo egiten dakienarekin parte hartuko du. Gainera, belaunaldi guztien proposamenak jaso ditugu”.
Horren harira, Sasoeta auzoan 70-80 hamarkadan zegoen auzo elkarteko kideekin bildu dira. “Haiek ideiak eskaini zizkiguten. Jaietan danborrada berreskuratzeko proposatu zuten, esate baterako”.
Udalak ere lan hitzarmen baten bidez lagunduko duela jakitera eman zuen: “Diru partida bat eta azpiegiturak eskainiko dizkigute.”
Egitaraua
Bi egunetan zehar hamaika ekintza izango dira Jaizkibel plaza eta Sasoeta auzoko kaleetan. Jaiei hasiera emateko, ostiralean 17:00etan haurrentzako askaria izango da. Ostean, patinak eta txirringekin ederki gozatzeko aukera izango dute antolatu den ginkanan. Jose Martijaren omenez haurrentzako futbol erakustaldia ere izango da. Arratsaldeko 19:00etan emango zaio hasiera ofiziala jaiei, txupinazoarekin. Bertan, elkarteko kideek azaldutakoaren arabera, “udal ordezkariez gain, lehengo auzo elkarteko kideak egongo dira. Haiek egindako lana kontuan izan behar delako”. Ostean, Andatza plazatik irtenda Gau Txori txarangaren doinuek alaituko dituzte auzoko txokoak. Ostirintxoa eta buruhandiak ere izango dira Jaizkibel plazan.
Gauean, musika izango da protagonista. Jaizkibel plazan, Txili Pipar, DJ Cris eta Bon O Clock Rock taldeek kontzertua eskainiko dute eta DJ saioa izango da Andatza tabernan.
Larunbat goizean batukadaren doinuek esnatuko dute auzoa. Haurrentzako tailerrak, eskulanak eta jokoak ere antolatu dira, Jaizkibel plazan. Eguerdi aldean, txaranga doinuak izango dira nagusi auzoan.
14:30ean, auzoko elkarte gastronomikoek antolatutako paella jana herrikoia izango da. Tiketak txosnan izango dira eskuragarri.
Bazkal ostean, karaokea, musa, tutea, dardo jaurtiketa eta jokoak antolatu dira Jaizkibel plazan.
Arratsaldean, buruhandiek korrika jarriko dituzte gaztetxoak eta Rafafaren magiak haurrak ahozabak utziko ditu.
Arratsaldeko 19:00etan, herritarrek patata tortilla lehiaketan parte hartu ahalko dute. Patata tortilak etxean egindakoak izango dira eta 18:00etatik 19:00etara eraman behar dituzte plazara.
Txapelketa ostean, patata tortillak dastatu ahalko dira txosnan.
Bien bitartean, auzotar eta herritarrek osatutako danborradak auzoa erritmoz beteko du. Musikak emango die amaiera jaiei. Haurrentzat minidiskoa izango da eta ostean, berbena Ibai Berriak taldearekin.