Udalak jakitera eman duenez, baldintza-agirian eskatutakoaz gain, enpresa adjudikatarioak zenbait hobekuntza eskaini ditu, hala nola, hiri-altzari gehiago jartzea, haien kalitateak hobetzea eta/edo haurrentzako edo kirolerako parke bat hornitzea eta instalatzea edo oinezko zoladuretan birziklatzetik datozen materialak erabiltzea, aditiboak gehituta, gas kutsagarrien emisioak murrizten laguntzeko.
Helburuak eta lanak
Proiektu honen helburua urbanizazioa berritzea da, batez ere, bideak berrantolatu eta espaloi, aparkaleku eta oinezko eremu berriak definitu, baita zoladurari eta argiztapenari dagokienez, eremuaren estetika hobetzea ere.
Lanen beste helburuetako bat Goikaleko espaloia zabaltzea da. Era berean, xedea da kale hori Kale Nagusiarekin lotzea. Horretarako bien artean dagoen desnibela gaindituko duen eskailera perpendikular bat egingo da, jardun-eremuko irisgarritasun globala hobetuz.
Bestalde, Goikaleko 22. blokeak duen irisgarritasun arazoari konponbidea emateko espaloi publikoaren eta atariko sarreraren artean egungo eskailerari arrapala bat gehituko zaio.
Azkenik, saneamenduko azpiegituren bidea hobetuko da Askorena plazan eta aireko argindar-lineak kenduko dira. Obra hau eremuko bizilagunen aspaldiko erreklamazioa izan dela azpimarratzen du Udalak.