Alebinetatik hasi eta seniorretaraino, kategoria guztietan ditu ordezkariak LOKEk. “Oso zaila izaten da hori normalean, eta gure taldeak badauka ezaugarri hori”, dio Aristegik. “Adin-tarte guztietan, maila eman dezaketen judokak ditugu; aurreko denboraldietan bezala, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetan maila ahalik eta onena eman nahi dugu, eta posible izanez gero, Espainiakoetarako sailkatu”.
Egunetik egunera judoka eta pertsona hobeak izateko 'laborategia' Udal Kiroldegian dago: tatamia. Ordu-tarte batean gaztetxoenek entrenatzen dute, 7 eta 9 urte artekoek; ondoren, gainontzeko guztiek. “Hogei bat neska-mutil dauzkagu lehenengo taldean; bigarrenean, gehieneko kopurura iritsi gara, eta juxtu samar sartzen gara”, azpimarratzen du prestatzaileak.
Urtarrilera arteko zitak
Entrenatzea eta apurka-apurka hobetzen joatea da kirolarien helburu nagusietako bat, baina konpetitzea izan ohi dute gustukoen. Urtea amaitu bitartean hainbat zita dituzte apuntatuta egutegian LOKEko judokek.
Senior mailan, hiru judoka Iruñeako Kopan ariko dira, urriaren 22an. Hilaren 28 eta 29an, berriz, hiru kadete eta bi senior Avilesera joango dira lehiatzera. Azaroan, junior kategoriakoen txanda izango da berriro: Amurrion ariko dira, 12an.
Hilabete hori amaitu aurretik hitzordu benetan garrantzitsuak edukiko dituzte senior kategoriako kideek: Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak, hain justu. Hori bakarrik ez: gerriko beltza lortzeko azterketak ere orduan egiten dira, eta Aristegik zehaztu legez, “hiru bat judoka” aurkeztuko dira.
2016a atzean utzi eta urte berrian sartu ondoren, judokek badituzte beste hainbat zita. Tortosakoa, esaterako: infantil eta junior mailako kideak joango dira bertara. Gaztetxoen kasuan, berriz, euren arteko ligak jokatuko dituzte benjamin eta alebinek. Gazteenek, berriz, 'Judoa familia artean' delakoan ariko dira.