Ostadar SKT-ek ezin Easo 99 Balerdi mendean hartu

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 10a

Ostadar SKT-ko Errendimenduko Junior -A1 ligakoa- taldeak, Easo 99 Balerdiren aurka jokatu zuen, larunbatean, kiroldegian. Etxeko taldeak azken unera arte borrokatu zuen, baina ezin izan zuen aurkaria gainditu

Gutxigatik, baina ezin izan zuen garaipena eskuratu Lasarte-Oriako Ostadar SKT-ko Errendimendu Junior taldeak, larunbatean. Partidu zaila egokitu zitzaion asteburu honetan herriko taldeari. Izan ere, Euskal Ligako talde onenetariko bat izan zuen aurkari;  Easo 99 Balerdi saskibaloi taldea. 

Ostadar SKT-rentzat, gauzak ez ziren nahi bezala hasi larunbat  goizean, Udal Kiroldegian. Partidua hasi eta lehenengo laurdenean, Easo 99 Balerdi taldeak, jaurtiketa asko egiteko aukera izan zuen eta saskiratze ugari lortu zituzten. Gauzak horrela, Easo 99 Balerdik mendean izan zuen Ostadar SKT, eta etxeko taldea markagailuan 12 eta 18 atzetik zela joan ziren lehen atsedenaldira.  

Bigarren laurdenean, Easo 99 Balerdik hasierako erritmoan jarraitu zuen eta Ostadar SKTk berriz, euren jokoa egiten saiatu bazen ere, arazo bat baino gehiago izan zituen baloia saskiratzeko. Horren ondorioz, bigarren laurdeneko atsedenaldira, 20 eta 34 joan ziren, talde bisitaria aurretik. 

Hirugarren laurdeneko jokoan erreakzionatu
Hirugarren laurdenean erreakzionatu zuen etxeko taldeak. Jokoaren hirugarren zati hasiera berdintsu joan zen, baina bukaera aldera, Ostadar SKT taldeko jokalariek erreakzionatu eta oso joko ona egin zuten. Jokaldi egokiei esker, 15-2ko partziala egin zuen etxeko taldeak eta 39 eta 47 amaitu zuten partidaren hirugarren laurdena.
Azken eta laugarren laurdenean, oso ondo jokatu zuen Ostadar SKT taldeak. Partiduaren zati honetan, talde aurkaria beldurtzea ere lortu zuen etxeko taldeak eta 52 eta 56 punturekin galtzen ari baziren ere, nabarmen gerturatzea lortu zuen Ostadar SKT-k. Jokoa amaitzeko azken minutuak falta zirela, pare bat baloi galdu zituen Ostadar SKT-k jarraian eta akats hoiek tarteko, 52 eta 60eko puntuazioarekin galdu zuten herriko jokalariek. 

Liga hasi zenetik, laugarren partidua zuen larunbateko Ostadar SKT-k eta horietatik bi irabazi eta bi galdu ditu.