Anitzen Sareko saio berria astelehenean

Txintxarri Aldizkaria 2016ko urriaren 1a

Lasarte-Oriako Udalak aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko lanean jarraitzen du.

Anitzen Sareak ekimenak 2015 urtean eta 2016 urte hasiera bitartean gogoeta prozesua egin zuen herritar eta eragileekin batera. 

Emaitza gisa, 2016 urtean garatzeko plangintza osatu zen. Honetan aniztasuna eta elkarbizitza sustatzeko lan-ildoak eta ekintzak zehaztu ziren. 

Orain, Udalak azpimarratu legez, zehaztutako planifikazioa garatzeko unea iritsi da.

Bilera

Hori dela eta, aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko plangintza aurkeztu eta ekintzak garatzen hasteko bilera bat egingo da. 

Anitzen Sareko teknikariek aurreratu dutenez, bereziki bi gai jorratuko dira saio honetan: Anitzen Sarearen parte hartzea Euskararen Maratoian eta estereotipoen kontrako kanpaina.

Hitzordua astelehena, urriaren 3a, arratsaldeko 18:30ean da Villa Mirentxun.