Semblante Andaluz Elkarteak, XIV. Aste kulturala ospatu du asteburuan. Andaluziako musika, janari, dantza eta ohiturak Lasarte-Oriatarrei ezagutarazi eta gerturatzeko asmoz, hamaika ekintza izan dira herriko Okendo Plazan.
Ostiralean, Manolo Solisen emanaldia izan zen iluntzean eta gauean, 'Amigos del Sur' taldeak ere musika emanaldia eskaini zuen Okendo Plazan jarritako oholtzan. Eguraldi txarra medio, ez zen jende ugari ikusi dantzan, baina euriak-euri, izan zen dantzatzera animatu zen bakarren bat.
Larunbatean, eguerdian hasi zituzten ekitaldiak. 12:00etan, bote txapelketa egin zuten eta jarraian, haurrentzako puzgarriak izan ziren. Bazkarirako tartea eta gero, arratsaldean, dantza herrikoia antolatu zuten eta jarraian, 'Gitanillas y Duendes' eta 'Zambra Zambra' taldeek Andaluziako dantzen ikuskizuna eskaini zieten plazara gerturatutako ikusleei. Eguneko azken ekintza gisa, DJ Freddyk girotu zuen gaua.
Gaurkoan aldiz, ekintza atsegin eta erakargarriak izan dira herrian. Eguerdian, 'Semblante Rociero' eta 'Xumela' abesbatzek emanaldia eskaini dute. Biak ala biak berezitasun bat izan dute ordea; Jon Maia bertsolariak abestu du bi taldeekin. 'Semblante Rociero'-rekin, Andaluziako abesti bati jarritako kopla batzuk eta 'Xumela'-rekin berriz, Karidadeko Benta musika taldearen abesti bat. Lagunarteko giro atseginean egin dituzte emanaldiak. Musika emanaldi hauen ostean, herri bazkari bat antolatu dute Okendon eta arratsaldeko 'Tala y su Banda' taldearen kontzertuak eta dantza herrikoiak eman diote agurra aurtengo XIV. Aste Kulturalari.
Asteburuko argazkiekin osatutako argazki-bilduma