Konpetitzen hasi besterik ez dira egin, baina lanean ederki ari direla erakutsi zuten Buruntzaldea IKTko igerilariek pasa den larunbatean, Lasarte-Oriako igerilekuan. Neguko Ligari ekin zioten, ederki gainera: taldekide guztien artean 35 marka pertsonal berri ezarri zituzten.
Horrez gain, azpimarragarria da Lander Sorozabalek taldeko bi errekor hautsi zituela: batetik, 1.500 metroko estilo librekoa, 19:30.31ko denbora eginez; eta, bestetik, 200 metro bizkar probakoa, 2:33.19an geratuz erlojua. Infantil mailako 4x200 erreleboen nesken taldeak ere proba bikaina burutu zuen, taldeak inoiz egin duena baino ia minutu bat bizkorrago eginez: 9:38.48koa da errekor berria distantzia horretan. Leire eta Ainhoa Martin, Paula Sevillano eta Irati Arzalluzek hartu zuten parte erreleboan.
Seniorrak ere primeran
Igerilari nagusiek ere jardunaldi ona burutu zuten joan den asteburuan. Mikel Esnalek marka pertsonala egin zuen 100 tximeleta proban (1:02.75); Iñigo Ibarburuk, Beñat Alkortak eta Naiara Lizasok, 50 bularrekoan (33.38, 38.32 eta 40.90 hurrenez hurren); Haitz Mitxelenak, 200 bizkarrekoan (2:35.26); Jon Ibargoyenek, 100 tximeletakoan (1:12.06); eta Iñaki Arregik, 100 librekoan (1:10.70).
Balorazio positiboa
Borja Apeztegia prestatzaileak igerilarien lana nabarmetzen du: "Infantil gehienek 200 estiloak proba burutu zuten, hori hartu baikenuen erreferentziatzat; igerilariak fin ibili zirela esan behar dugu".
Junior eta seniorren jardunari buruz ere hitz egin du Apeztegiak: "Sentsazio bila ibili ziren eta ez ziren batere gaizki aritu. Denboraldi hasierako erritmo falta nabaria daukate oraindik, baina hala ere, euren probetan nagusi izan ziren Iñigo Ibarburu, Itsaso Tolosa, Mikel Esnal eta Haitz Mitxelena, eta atzetik datozenak ere gogor aritu ziren".