EHBilduk alkateak Somoto auzian izan duen jarrera salatu du

Txintxarri Aldizkaria 2016ko aza. 3a, 15:30

Ana Urchueguiaren aurkako kereilaren inguruan hainbat gertakizun jazo dira azken urtean. Miguel Castells abokatuak iaz kereila egin zion uko eramateari, baita Pablo Barrio akusazio partikular bezala aurkeztu dela ere. EHBilduk lehen gertaera salatu eta Pablo Barriori bere babes osoa ematen diola jakitera eman du alderdiak

Lasarte-Oriako EHBilduk Somoto auzian azken urtean eman diren bi gertakizunen berri eman zuen atzo arratsaldean egindako agerraldian. 

2015eko martxoaren 4an Donostiako 3. Instrukzio Epaitegiak emandako autoan, prebarikazio eta fondo publikoak bidegabe erabiltzeagatik Ana Urchuegiaren kontrako kereila tramitera onartu zen.

Geroztik, Jesus Zaballos alkateak izandako jarreraren ondorioz, aurreko legegintzaldian Lasarte-Oriako Udalak izendatutako abokatuaren, Castells-en uko egite behartua eman da eta bestetik, Pablo Barrio akusazio partikular moduan aurkeztu da.

EHBilduko kideek bi arrazoi eskaini zituzten gertaera hauen berri orain arte publikoki ez emateko. “Alde batetik, azken urteko hauteskunde zikloa dela, balizko erabilpen elektoralista saihestu nahi izan dugu guztiaren gainetik. Eta bestetik, ez dugu inongo interferentzia sortu izan nahi epaitegiak hartu behar zituen hainbat erabakien inguruan. Lasarteoriatarren interesak lehenetsi ditugu beti beste edozeren gainetik,” azaldu zuten.

Abokatuaren uko egitea

EHBilduko kideek alkatetzak emandako dokumentuetan oinarritutako datuak eskaini zituen bere agerraldian.

Horren arabera, 2015eko ekainaren 24an, gobernu berria sartu eta berehala, alkatea eta abokatua bildu ziren alkatetzako bulegoan. Bertan, alkateak Udal Idazkaritzan 687/2015-I kereilaren kopia  uztea eskatu zion abokatuari. “Bulego estrajudizial batean uztearen eskaeraren aurrean, behin tramitera onartuta kereila sekretupean zegoela eta ezin zuela hori egin adierazi zuen abokatuak”. Nahiz eta, EHBilduk azpimarratzen duenez, Alkateak berak esan kereilaren kopia bazuela, “ez dakigu zein bidetik, baina baieztapen hau ez du inoiz gezurtatu, eta argitu beharko luke”.

Alkateak ekaina amaieran eskaera berbera egiten zuen posta ziurtatu bidez eta telefonoz. Kasu honetan, hizketa behin eta berriz moztuz, alkateak leialtasun falta leporatzen zion abokatuari.
Hau guztiaz gain, abokatuak behin eta berriz alkateari bere bulegora joateko eskaini ziola jakitera eman zuten, “alkateak ez du inoiz gonbidapena onartu”.

Alkatearen jarrera honen aurrean, 2015eko uztailaren 7an abokatuak idazki bat aurkeztu zuen Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren aurrean, zeinean alkatearen jarrera salatzen zuen. 
Besteak beste, alkatearen presio eta eskaerak legea eta bere betebehar estatutario eta deontologikoak haustea zekarrela salatzen zuen. 

Orokorrean bere bulegoarekiko alkateak izandako jokaera iraingarriaren zela azpimarratzen zuen.

Era berean, Abokatuen Elkargoen babesa eskatzen du, “Zaballos jaunaren jokaerak sekretuaren, profesionaltasunaren eta sumarioko betebeharren aurka doa, baita abokatuaren duintasuna, askatasuna eta independentziaren kontra ere”. 

2015eko uztailaren 30ean Gipuzkoako Abokatuen Elkargoaren Gobernu Organoak aho batez eskatutako babesa ematea adostu zuen. Abokatuen Elkargoaren Dekanoak alkateari eskutitz bat bidali zion, alkateak izandako jarrera gaitzetsi eta Elkargoaren kezka azalduz, izan ere, jarduketa profesional honetan sekretua bermatzeak legea ez haustea eskatzen baitie profesionalei.

Hau guztiagatik, abokatuak uko egin zion kereila eramateari, “Zaballos jaunaren jokaerak nire lana dagokion balditzetan eta modu eraginkorrean aurrera eramatea eragozten dit”. 

Azkenik, 2015eko irailaren 3an Zaballos jaunak Abokatuaren Elkargoari bidalitako idazkian “jokaera partziala” edukitzea leporatzen dio.

EHBilduk jakitera eman zuenez, Bozeramaileen batzordeak abokatu berria izendatu zuen, baina Castellesen dokumentazio guztia aztertzeko denbora behar duela eta horrek denbora eramango duela azpimarratu zuten.

Akusazio partikularra

Bestalde, Ana Urchuegia Udal Gobernuan dagoen alderdiko kidea izatea eta horrek lasarteoriatarren interesen defentsan izan dezakeen eragin okerra kezkatuta Pablo Barrio jaunak akusazio partikular moduan pertsonatzea erabaki zuela jakitera eman zuen EHBilduk.

“Lehen aipatutako gertaerak eta horietan alkatetzak izandako jarrerak indartu baino ez dute egin erabaki hori. Horregatik, epaileak jarritako 9.000 euroko fidantza ordaindu eta pertsonazioa gauzatu zuen, Miguel Castells abokatua izendatuz,” azaldu zuen.

Hori dela eta, udal akusazioaz gain, egun lasarteoriatarren interesen defentsa  ziurtatuko duen akusazio partikular bakarra denez, Lasarte-Oriako EHBilduk bere babesa ematen dio Pablo Barrio jaunari une honetan.

Mozioa udalbatzarrean

Bestaldea, Lasarte-Oriako alkatearen jokaera gaitzesteko eta Miguel Castells abokatuari egindako lana eskertzeko Lasarte-Oriako EHBildu mozio bat aurkeztuko du asteartean izango den ohiko Udal Batzarrean. Seigarren puntua izango da.

Honetaz gain, Udalbatzarrean bestea gai batzuk jarriko dira mahai gainean. Hala nola, 2017 urteko Ordenantza Fiskalak aldatzeko espedienteari hasierako onespena emateko proposamena egingo du Udal gobernuak, 2016/1 kreditu gehigarriaren bidez kredituak aldatzeko dosierra landuko da, Udaleko ondasun eta eskubideen 2015 urteko inbentarioan egindako aldakuntzak edo alkatetzak proposatutako, 'Mendebaldeko Saharari buruzko erakunde-adierazpena'.

Era berean, alderdi, zein herritarrek galdera eta erreguak egiteko tartea izango dute.